Angel Garai: "Eraginkorragoa da gau guztietan zabalik dagoen farmazia bakarra"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ots. 18a, 01:00

Errezeta elektronikoaz, gaueko guardiako zerbitzuez eta biharamuneko pilulaz dihardu, besteak beste, Angel Garai mondragoetarrak. Gipuzkoako Botikarien Elkarteko presidentea da.

Zertan da Eusko Jaurlaritzarekin sinatu duzuen hitzarmena errezeta elektronikoa abian jartzeko?
Finantzazio iturriak hitzartu ditugu. Alde teknikoarekin gabiltza orain botikariok eta Jaurlaritzako Osasun Saila. Abendurako abian jarri nahiko luke Jaurlaritzak, baina uste dut datorren urtera arte ez dela izango errealitate.

Ze izango da?
Informazio sistema bat da eta kudeatzen du herritarren tratamenduaren historikoa. Medikuak botika bat agintzen duenetik farmazian erosten denera arte. Informazio guztia gordeta geratuko da sendagai historiko elektroniko baten. Fitxa bakarrean. Datu guztiak sistema informatiko baten gordeko dira. Paperik barik.

Konplikatua da sistema abian jarri eta kudeatzea?
Bai. Osasun datuek segurtasun handia behar dute. Ondo egin behar dira gauzak. Osasun sisteman daude lehen arreta, espezializatua, zaharren egoitzak, erizaintza… Agente guztiek, hau da, medikuek, erizainek, botikariek, erabiltzaileek… izango dute informazioa fitxa bakarrean.

Zein da botiken eta osasun etxeen arteko harremana?
Txarra ez da, baina ezta oso estua ere. Errezeta elektronikoa tresna izango da harreman hori sendotzeko. Botikariak izango du pazientearen tratamendu terapeutiko osoa ikusteko aukera. Horretaz gain, errezetarik behar ez duen botikaren bat eroaten badu bezeroak, hori ere fitxan sartuko da eta, hartara, medikuak izango du informazio hori ere. Oso lagungarria izango da medikuarendako.

Erabiltzaileari ze onura ekarriko dio errezeta elektronikoak?
Bereziki gaixo kronikoei lagunduko die. Errezetaren bila anbulatoriora zertan joan ez dute izango. Bestetik, sistema oso zehatz eta segurua izango da. Eta, horretaz gain, informazioa kudeatuz, urte osorako terapia plana antolatu ahal izango du medikuak. Buruan horrenbeste datu eduki beharrik ez du izango. Informazio guztia fitxa elektronikoan izango du: botika zelan erabili, ze dosi, zertarako, zenbatean behin… Medikuak, botikariak eta erabiltzaileak konpartituko dute informazioa.

Txartel bat izango da?
Ez. Txip batek jasoko du sistemara sartzeko gakoa. Sinadura digitalarekin sartu ahal izango dira pazientearen fitxara medikuak, botikariak eta erabiltzailea bera.

Gure eskualdean zenbat botika daude?
23 dira, guztira: 8 Arrasaten, 5 Bergaran, 4 Oñatin, 2 Aretxabaletan eta gainerako herrietan bana, baita Aramaion ere; Leintz Gatzagan izan ezik. Ondo hornituta dago alde horretatik eskualdea.

Eskualdeko zein herritan eskaintzen dituzue guardiako farmaziak?
Debagoienean bost herritan ematen dugu gaueko guardiako farmazia zerbitzua eta gauero lau botika ditugu zabalik. Beste lurralde batzuetan ez da horrenbeste farmazia zabalik egoten gauez. Aretxabaletako eta Eskoriatzako hiru botikarien artean, urteko 365 egunetan eman behar dute gaueko zerbitzua.

Zenbat erabiltzen da?
Oso gutxi. Ia ez du zerbitzurik ematen. Alderantziz izango balitz, ulergarria izango litzateke, baina errealitatea da oso jende gutxik darabilela eta bertako botikariei buruhauste handiak sortzen dizkietela. Osasun arazoren bat, larrialdi bat daukanak, jeneralean, Arrasateko eskualde ospitalera jotzen du gauez. Eta han jartzen diote medikamentua. Hortaz, ez da logikoagoa eta eraginkorragoa, denondako, ospitaletik gertu eta gau guztietan zabalik egongo den farmazia bakarra? Baina Eusko Jaurlaritzak ez digu baimenik eman horretarako.

Tabakoaren Legea dela-eta, erretzeari lagatzeko, botika, produktu edo bestelako gailuen salmenta handitu egin da?
Bai, batez ere zigarro elektronikoen salmenta. Partxeak, txikleak… gutxiago saltzen dira, baina erremedio hobeak direla iruditzen zait. Erretzeari uzteko nahia edo borondatea da garrantzitsua, eta zigarro elektrikoak ez ditu jarrerak aldatzen.

Zela eragiten dizue botikariei osasun arloan gobernuek-eta azkenaldian hartu dituzten neurriek?
Ekonomikoki, triskantza handia izan da. Krisi ekonomikoa dela-eta, gobernuek hartu dituzten neurriek zuzen-zuzenean eragin digute. %90 jaitsi dira irabaziak. Farmazia itxi beharrean izan dira batzuk.

Sendagaien dosia ere mugatu nahi dute.
Ez dakigu zela bideratu nahi duten. Helburua botikak norberaren beharren arabera saltzea ei da. Zortzi pastilla behar badituzu, ba zortzi erosi, kaxak 10 ekarri arren. Ikusi behar.

Eskuko telefonoetan guardiako farmazien eta bestelako zerbitzuen gaineko informazioa eskaintzen duzue. Erabilia da zerbitzu hori?
Gehienbat gazteek darabilte. Gipuzkoan, 5.000 lagun-edo izango dira. Oso zerbitzu-informazio zehatz, egiazko eta ona eskaintzen dugu.

Biharamuneko pilula errezeta barik saltzen duzue botiketan. Arazorik sortu dizue horrek?
Ez. Lehen baino gehiago saltzen da. Medikuek doan ematen dute botika hori, baina farmazietara errazago joaten da jendea biharamuneko pilularen bila, ordaindu beharra badauka ere. Hau ez da, hala ere, antisorgailu sistema, larrialdiko neurria baizik. Hormonen lehergailu bihur daitezke txarto erabiliz gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak