"Bartzelonatik nator kantura, hiru egun opor hartuta"

Ubane Madera 2011ko ots. 3a, 10:01

Santa Agedak jarraitzaile finak dituela erakusten du, duda barik, Arrasaten duen zaletasunak. 08:00etarako elkartu dira kantari, poltsari eta laguntzaile ugari San Juan parrokian, Santa Agedako meza berezirako. Gehienek, gainera, jai-eguna eskatuta lantokian, eta bada oraindik urrunago joan denik ere: “Natorren hirugarren urtea da. Bartzelonatik nator, hiru egun opor hartu eta aprobetxatu egiten dut lehenengo entsegura joateko eta gaur kantura etortzeko. Gustatzen zaidana da egoten den giroa, oso-oso polita, eta nik oso ondo pasatzen dut”, kontatu du Rafael Azkoaga arrasatearrak.  

08:00etako meza entzun, Horazio Argarate parrokoaren bedeinkapena jaso, "Caritasi ematen diozue jasotzen duzuen guztia. Eske ona izan dezazuela, krisi garai honetan eta alaitasuna eraman dezazuela baserri eta etxeetara", eta parrokian bertan aurreneko kantu-eskaintza Ageda zaindariari egin ostean, bi taldetan banatu eta batzuk Musakola aldera, beste batzuek Bedoña aldera, herriko auzo eta baserrietan egingo dute kantuan eta eskean datozen orduotan.

Eguerdian, udaletxean

Eguerdi partean elkartuko dira atzera ere bi taldeok udaletxe aurrean, 13:00-14:00ak aldera, kantuan egin eta gero bazkaltzera joateko: “baba-jana sakramentu guztiekin”, kontatu dutenez.

Iluntzean, erdigunean

Edozelan ere, bazkaloste motza egin beharko dute, arratsaldean ere badute-eta jarduna, 19:00-20:00ak ingurura arte. Iluntze parte horretan elkartuko dira berriro ere guztiak erdigunean, Portaloian, eta kalez kale ibiliko dira azkeneko kantuak egiten. Gero, ondo merezitako afaria emango diete Alkartetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak