Elkarte pribatu moduan erretzeko erabakia eurena dela diote elkarte gastronomikoek

Jon Berezibar 2011ko urt. 12a, 11:55

Elkarte gastronomikoen izaera berezia da eta horregatik Espainiako Gorteek indarrean jarritako Tabakoaren Legeak ez ditu sozietateak espresuki aitatzen. Arrasateko elkarteetako zenbait ordezkarirekin izan gara.

Eremu lauso horretan, kontrako erabaki baten zain, elkarte bakoitzak autonomiaz jokatzen du eta erabaki guztiak, momentuz, batzarraren mende leudeke, bazkideek dute zeresana, alegia. Horixe da, hain zuen, elkarteetako ordezkariek bat egiten duten puntua, erabakia bazkideek batzar orokorrean hartu beharrekoa dela. Zer gertatzen da, baina, elkarteak bazkideez gain langileak badaude edota umeak badabiltza?

Erre daiteke elkartean? Nola hartuko duzue erabakia? Nabari da bazkide gehiago joaten dela erretzera?

Andoni Altzelai, Txalaparta elkartea

"Erabakirik ez dugu hartu eta hartzekotan otsaileko batzar orokorrean egingo genuke. Gurean erre daiteke baina nabari da geroago eta jende gutxiago dabilela erretzen; agian, ez-erretzaileekiko errespetuz. Ikusi beharko da otsaileko batzarrean. Nik uste dut erretzea lagatzea erabakiko dela baina kontuan hartzekoa da gurean bazkide gazte berri asko dagoela umeekin eta horrek ere eragingo du".

Antton Zumalde, Leize Txiki elkartea

"Gai hori bazkideen batzar orokorrean proposatu beharrekoa da. Martxoan izango da hori eta litekeena da orduan eztabaidatzea. Gehiago ala gutxiago erretzen ote den... nik berdin jarraitzen duela esango nuke, momentuz. Aldaketa, nik uste, debekatuko bagenu etorriko litzateke. Baina nik uste dut elkartea norberaren etxea bezala dela, eremu pribatua, eta bazkideek esan beharko lukete erretzerik badagoen edo ez."

Bixente Elortza, Casino elkartea

"Gurean lehen bezala jarraitzen da erretzen. Aurreko batzar baten aipatu genuen ea batzar orokorrean landu beharreko gaia ote den eta elkarke bakoitzak bere aldetik erabaki behar duen edo Arrasateko elkarte guztiek batera landu beharreko gaia ez ote den. Nik uste dut guztiek batera hartu beharreko erabakia dela baina gauza jakina da elkarte bakoitza erabat autonomoa dela. Guk batzar nagusia martxoan egingo dugu eta orduan ikusiko da landuko den ala ez. Gai delikatua dela badakigu".

Juan Iriarte, Mezatzerreka elkartea

"Datorren ohiko batzarrean aztertuko dugu ea gaia batzar orokorrean ateratzekoa den ala ez. Era guztietara, bazkideen esku dago erabakia. Tabernetako debekuak, hala ere, ez du ematen elkarteetara erretzera jende gehiago joatea ekarri duenik."

Juan Ramo Loiti, Herrigain elkartea

"Gurean badago erretzea eta ez dugu momentuz aurkakoa erabakitzeko asmorik. Hori egiteko bazkide batek batzar orokorrean proposatu beharko luke gai bezala. Niretzat, elkartea pribatua da eta bazkideen esku dago zer egin erabakitzea. Tabernetako debekuak erretzaile gehiago elkarteetara jotzeak ekarriko duen ala ez? Goiz da esateko. Gabonak izan dira oraintsu eta sasoi horretan beti dabil jende gehiago elkartean. Benetan, oraindik, ezin esan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak