Zamarrak, jertseak, kamisetak, galtzak, poltsak, bufandak... aurkitu genituen saltokian, euro batetik 15era arteko prezioan denak; eta 3x2 eta merkeena opari moduko eskaintzak ere ikusi genituen. CDak euro baten eta liburuak bitan eskuratu zitezkeen eta azokan egindako denboran bat baino gehiago ikusi genuen horiei harretaz begira. Bigarren eskuko materiala ez ezik, berria erosteko aukera ere egon da seigarren edizio honetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren materiala: kamisetak, amantalak, mendiko makilak...
Herritarrak ere pozik
"Jertseak, kamisetak edota poltsak oso ondo saldu dira, galtzak gutxiago. Eta denetariko jendea etorri da, baita umeak eta etorkinak ere", azaldu digu Portaloira taldeko Lorea Azkaratek. Asteburu lehorra baina hotza izan da pasa berri dena eta, azokara hurbildutakoei berotzen laguntzeko, salda beroa ere banatu dute antolatzaileek. Ikustera eta erostera gerturatutakoek eskertu dute detailea, noski, eta eskertu dute azoka bera antolatu izana ere: "Armairuan garbiketa egin eta erosketak merke egiteko aukera ematen du", kontatu digute bat baino gehiagok; eta "Tamalez, euskal presoei laguntzeko, hamaika ekintza antolatu beharrean gaude oraindik", beste batzuk.