Microsoftek berriki atera dituen produktu eta aplikazioak ezagutzeko, Mondragon Unibertsitateko informatika, elektronika eta telekomunikazioko 60-70 ikasle inguru bildu dira.
Windows Phone 7
Mugikorretarako Microsoften sistema eragile berria aurkeztu dute jardunaldian: Windows Phone 7a. Apple-en Iphone-arekin lehiatzeko atera du Microsoftek mugikor hori eta interfaze berriak, hainbat zerbitzu bateratzen ditu.
Microsoft Surface
Microsoft Surface produktua ere aurkeztu dute. Berezitasuna da ukimen bidezko pantaila duela. Mugikorra bezala, dagoeneko salgai dago eta pantailaren prezioa 12.000 eurokoa da.
Microsoften lehiaketa
Bestalde, Microsoftek ideia txapelketa bat jarri du abian, Windows Phone 7rako aplikazio bat sortzeko lehiaketa: Imagine Cup Lehiaketa, hain zuzen. Bertan parte hartzeko, hiru laguneko taldea osatu beharko da eta lanak aurkezteko epea zabalik egongo da otsailera arte. Irabazleek New Yorkera bidaia irabaziko dute.
Sistema Txertatuen masterra
Eta bukatzeko, jardunaldia aprobetxatu dute MUren Sistema Txertatuen masterraren nondik norakoak aditzera emateko; 2011an jarriko dute martxan, bi urteko masterra izango da eta oso praktikoa izango dela azaldu du Eñaut Muxikak, MUko Sistema Txertatuen masterreko koordinatzaileak.