Lehenagoko urteetan Aikidokoek antolatzen zuten erakustaldiak balio izaten zuen Hiruatx gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko. Aurten, berriz, erabaki dute ekitaldian batzen duten dirua erabiltzea Pakistango uholdeetan kaltetuak izan zirenei laguntzeko, eta, hainbat babesleren laguntza izatearekin batera, ikusleek bi euro ordainduko dituzte Uarkapera sartzearren, era sinbolikoan, Aikodokoen ekimenaren alde egiteko.
Hainbat talderen laguntza
Zapatuan hainbat borroka artetako taldeek hartuko dute parte erakustaldian, Aikidoko lagunek gonbidatuta: "Ikuskizun erakargarria antolatzea da asmoa, eta, horretarako, ibarreko eta Euskal Herriko hainbat talde gonbidatuko ditugu", adierazi du Aikidoko entrenatzaile Jose Manuel Matasek. Besteak beste, karate, aikido, tai txi, shurinjikempo eta shinkyokushinkai borroka arteak egiten dituzten taldeak izango dira Uarkapen. "Eta ekitaldiarekin laguntzeko asmoa duten babesle eta herritarrei dagokienez, lehen egiten genuen moduan orain ere erabat zehaztuta izango dugu nora bideratuko dugun batuko dugun euro bakoitza".