Egoera hobetzen doa, baina krisia oraindik bizi-bizi dabil saltokietan

Ubane Madera 2010ko aza. 26a, 10:06

Agintari eta ekonomialari asko dabiltza esaten krisiari buelta ematen hasita gaudela. Baina hori islatu egiten da eguneroko bizimoduan? Hori jakin guran, egunero kontsumitzen ditugun produktuen saltokietara jo dugu. 

Frutak eta barazkiak, gutxiago

"Jendea badabil, baina erosketak txikiagoak dira; asko begiratzen zaio diruari: eskaintzak saltzen dira, eta garestiago dagoena kosta egiten da saltzea. Lehen, jendeak ez zien horrenbeste begiratzen prezioei: "Ona eman, nahiago dut hori plastikoa jatea baino", zioten; orain, prezioari begiratzen zaio", dio Anuska Arantzabalek, Pilar fruta-dendako saltzaileak.

Gaineratu du orain behe-denboraldia dutela: "Gabonetan jendea gehiago animatzen da, eta Gabonen ostean ere bai. Dena den, iaz txarragoa izan zen; nik uste dut udaberrian hasi ginela hobetzen. Askorik ez da aldatu, baina pixka bat hobeto gaude, bai".
Hori bai, adierazi du saltzaileek eurek ahalegina egin behar izan dutela: "Prezioa eman behar da, iaztik prezioak jaitsi egin dira".

Okela: berdin, baina merkeago

Otamendi harategiko Jose Ramon Otamendik ere antzekoa sumatu du: "Jendeak diru gutxiago du gastatzeko. Ikusten da apur bat merkeago erosi gura duela, ez jende gutxiago dabilela, baina lehenago fileteak erostera etortzen zenak, 18 eurokoak eramaten zituenak orain 13koak eramaten ditu; oilaskoak gehiago saltzen dira; eta pikatuak eta gisatzeko haragia errazago saltzen dira. Kolpe handiena 2009an izan zen, urtarriletik irailera. Handik aurrera, nik uste dut konfiantza handiagoa ari dela hartzen jendea, edo akaso izan daiteke supermerkatu handietara gutxiago joaten dela eta denda txikietara gehiago. Zergatik? Ba, nik uste supermerkatu handietan errazago gastatzen dela eta denda txikietara badator petxuga bat erostera, petxuga bat erosten duela eta kito. 
Prezioak, berriz, %10 jaitsi ditugu. Guretako zailtasuna da hori, gure benefizioa da, eta gastuek gorantz segitzen dute…".

Ogia bai, baina non?

Bestalde, ogi barik etxe askotan ezin dira bizi, eta nekez geratuko dira erosteke. Hala ere, krisiak badu eragina salerosketan: "Prezioari begiratzen zaio; ondorioz,  jendea gehiago doa Eroski eta halakoetara, ogia merkeago den saltoki handietara. Gainerako produktuei dagokienez ere, salmentak askoz ere txikiagoak dira", kontatu du Pili Herrerok, Bolintxo okindegikoak. Gaineratu du krisia hasi zenetik ez duela aldaketarik sumatu salmentetan, baina eurek bai egin behar izan dutela ahalegina: "Hiru urteotan prezioaren ogia mantendu egin da; 2010eko azaroaren 1ean igo da ogiaren prezioa, baina gainontzeko prezioetan ez da igoerarik izan".

Arraina, kalitatezkoa

Bukatzeko, arrandegian gutxiago erosten dutela kontatu digu Errosi Retolatzak, Eguren dendako ugazabak, baina kalitatezko produktuak erosten direla: "Kilo bat eraman beharrean kilo erdi eramaten dute, baina kalitatezkoa. Eta mugimendu txikiagoa dabil, bai. Oporren ostean nahiko ondo saldu da, baina oraingo hilean jaitsi egin da. Jendeak dirua erreserbatu egiten du Gabonetarako: loteria, opariak… Dena den, egia da uda ostetik hobetzen joan dela. Joan den urtea okerragoa izan zen". Hala ere, esan du prezioak jaitsi egin dituztela: "Produktuak ez zaizkigu jaitsi, baina guk prezioa mantendu edo jaitsi egin behar izan dugu, %10 bai, erraz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak