Mondrak eta Bergarak derbia jokatuko dute zapatuan

Xabier Urtzelai 2010ko aza. 26a, 07:00

Badator ligako hirugarren derbia, Mondra-Bergara (Zapatua, 16:30, Mojategi). Aurreko bi derbietan Aretxabaletak 1-0 hartu zuen mendean Bergara, eta Mondrak 3-0 egin zuen Aloñaren kontra. Eta derbi horretara begira Iban Rodriguezek eta Oskar Maiztegik, entrenatzaileek, euren taldeak zelan dauden, eta kontrarioa zelan ikusten duten azaldu diote GOIENAri.

Mondrak jokalari gutxirekin jarraitzen du: "Espero dugu bi aste barru hainbat jokalari errekuperatzea, tartean Markel Crespo, Xabi Pavon eta Imanol Arantzabal, baina oraingoz arazoekin jarraitzen dugu, bai", adierazi du Iban Rodriguezek. Eta egoera horretan egonda ere, Mondra seigarren dago, hirugarrenarekin berdinduta: "Baina horrek erantzun erraza du, jokatzeko moduan dauden jokalariak sekulako lana egiten dabiltzalako, eta konpromiso handia erakusten dabiltzalako. Jokalari batek baino gehiagok atsedena behar du, lesio txikietatik errekuperatzeko, baina berdegunean jarraitzeko gertu daudela adierazi digute".
Biharko derbiaren aurrean: "Bergara gustatzen zait talde moduan, gazte mailan zituzten jokalari asko ezagutzen ditut eta kalitate ona dute. Urtea lasai amaituko dute, baina gu bihar haginka egitera irtengo gara, goialdean jarraitzea delako asmoa, hor gaude gustura".

Kanpoko puntuen bila 
Horixe nahi du Bergarak, kanpoan behingoz irabaztea: "Eta Mojategi plaza ona da horretarako", adierazi du Oskar Maiztegik. "Etxean sei partidutatik lau irabazi ditugu, ez dago txarto, baina kanpoan jokatu ditugun bost partiduak galdu egin ditugu, eta bada garaia jarraian bi emaitza positibo lortzeko, horrek konfiantza emango liguke-eta. Zorionez, guk ez dugu jokalari faltarik, denak daude jokatzeko gertu.
Mondraren gainean galdetuta, Bergarakoa garbia izan da: "Egia esateko, sorpresa hartu dut Mondra aurrealdean ikusterakoan. Denboraldi-aurrean ikusitakoaren ondotik, ez nuen uste horren ondo ibiliko zirenik, baina noski, denboraldi-aurrean ikusitakoarekin ezin zaitezke larregi fidatu. Uste nuen Aloña egongo zela aurretik".

Aloña Mendik ere etxean
Bosgarren postuan dagoen Ordiziaren bisita izango du erreakzionatzen hasi den Aloña Mendik domekan (16:30). Etxetik kanpora, berriz, Aretxabaleta aurrealdeko postuetan, hirugarren dagoen Anaitasunaren zelaira, Azkoitira joango da bihar (15:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak