Lehenengo erakustaldia Donostiako Tai chi elkartekoek egin zuten. Adinez nagusiak izan arren, Uarkapen erakutsi zuten borroka arte gogorra eta diziplina handikoa dela taichia. Jose Manuel Matak azaldu zigun amaieran, "erakustaldia egin dutenak nagusiak izan arren, edonork egiteko moduko diziplina da".
Hitzeko sortutako borroka
Mata irakasleak adierazi bezala, "hiltzeko sortutako" borroka da Aikido. Gaur egun, ordea, egokitu egin dute eta defentsarako erabiltzen da. Eraso bat jasan ezkero, erasotzailea menderatzea da aikidoren helburua, beti ere erasotzailea hil edo ezer apurtu barik. "Min eman daiteke, baina ez diozu inongo lesiorik uzten", azaldu zuen Mata irakasleak erakustaldi amaieran.
Gaineratu zuen, beste borroka arte batzuetan ez bezala, Aikidon ez dela indar fisikorik behar. "Edonork egiteko moduko borroka da. Norbaitek gehiago ezagutu edo praktikatu gura badu etor dadila Musakolako kiroldegira. Han entrenatzen dugu", azaldu zuen.
Filmetan moduan
Hainbat momentu ikusgarri izan zituen zapatuko erakustaldiak. Adibidez, borrokalariek kristal zati txikiz osatutako pasagune batetik pasa behar izan zuten. Min hartu barik eta lesionatu barik egin zuten hori. Filmetan moduan. Ikusleak aho zabalik geratu ziren.
Ondoren, Bergarako taldeak egurrezko oholak, adreiluak eta hormigoizko harriak apurtu zituzten eskuarekin. Beste edonork min hartzeko moduko ariketak egin zituzten; eurak, baina, ez ziren lesionatu. Diziplina handiz egin zuten erakustaldia.
Emakumeen defentsa
Azkenik, borroka arteak emakumearen defentsarako ere balio duela erakutsi zuten. Bikote batek egin zuen erakustaldia: gizona emakumea erasotzera joan zen, baina emakumeak indarra erabili barik gizona menderatu zuen.
Dirua Pakistanerako
Erakustaldiko sarrerekin batutako dirua Pakistanera bideratuko dute, udan izandako uholdeetan kaltetuak izan ziren herritarrak laguntzeko. 500 bat euro lortu zuten.