'Kili kontuak' edo sexualitateaz umeekin zelan hitz egin

Leire Kortabarria 2010ko aza. 11a, 13:37

Aurrerantzean, sexualitatearekin lotutako gaiak seme-alabekin lantzen hasteko laguntza bat izango dute debagoiendarrok: Arrasateko Udal Sexologia Zerbitzuak martitzenean aurkeztu zuen Kili Kontuak izeneko bost ipuinen sorta. Domekan, ipuinetan oinarritutako antzezlana izango da.

Sexologia Zerbitzuko arduradunek umeekin sexualitatea lantzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, eta sexualitatea bere osotasunean hartzen dute gaitzat ipuin horiek. Hala, sexualitateari hainbat ikuspuntutik begiratzen diote ipuinok: emozioak eta horiek identifikatzen ikastea, autoestimulazioa, gorputzarekin jolastea, ugalketa eta askotariko familia ereduak dira ardatz nagusiak.

Ipuinak 4 eta 7 urte arteko umeendako dira, eta umeek eurek bakarrik edo guraso, zaintzaile eta irakasleekin irakur eta konta ditzakete. Lehenengo liburuxka guraso edo hezitzaileendako da, eta hor, hainbat gomendio ematen dizkiete helduei, sexualitate edukiak dituzten ipuinak konta ditzaten. Gida-liburuxka hori euskaraz eta gaztelaniaz dago. Horrez gain, ipuin bakoitzaren hasieran gako edo azalpen gehiago daude.

Kili kontuak salgai dago: arrasatearrendako, 18 eurotan, Sexologia Zerbitzuan eta Gazte Bulegoan; eta gainerako herrietan, 22 eurotan Elkar Megadendan. Ipuin guztiak euskara hutsean daude, gida-liburuxka izan ezik.

Proiektua osatzeko, ipuin horietan oinarritutako antzezlana egingo dute Jon Zubiaga arrasatearrak eta Sonia Villamor bilbotarrak etzi, domeka, Kulturateko areto nagusian, 17:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak