Umezaintza handitzeko baimena, Arizmendiri

Ubane Madera 2010ko aza. 5a, 10:31

Umezaintza guneari, San Isidro guneari, Herri Eskolaren hainbat eskaerari eta Azeri guneari eragingo dizkie atzo udalbatzarrak osoko bilkuran onartutako hainbat erabakik, guztiak ere, Egitamu Orokorraren aldaketekin lotuta.

Umezaintzari dagokienez, Udalak baimena emango die gaur egun San Josepe gunean dituzten instalazioak handitzeko, eraikin berriak eginez. Hori bai, mugak zehaztu dizkiete: eraikin berriek gehienez 2.650 metro koadro hartu ahal izango dute eta lurzoruaren okupazioa ez da izango 1.500 metro koadro baino handiagoa.

Pareko pabilioia erosita

Kontua da Umezaintzak bere beharrak asetzeko pareko pabilioia zuela erosita; orain, baina, Udalak gura du San Josepe gunea eraberritu, eta Udalaren asmoendako eragozpena da Umezaintzak bere jarduera pareko pabilioira ere eramatea. Horretxegatik onartu du eraikin berriak egiteko proposamena eta pabilioi zaharra berarendako hartzea.

Sozialistak kontra

Alderdi sozialista erabaki horren kontra azaldu zen. Aritz Arrietaren esanetan, lur horiek duten kutsadura garbitzeko lanen kostua zehaztu barik dagoelako. Eta ez du, ezta ere, ondo ikusten Udala pabilioi horrekin geratu beharra “jakin barik etorkizunean zein erabilera emango dioten”.

Permutarekin zalantza

Ander Rodrigez Alternatiba-Zutik koalizioko bozeramaileak, berriz, azaldu zuen bere taldeak ere zalantzak dituela Arizmendiko permuta horrekin, baina atzo bozkatu zena lurren kalifikazio aldaketa zela eta gero ikusi beharko dutela zer egin.

Hori horrela, bozketan onartu egin zuten puntua, PSE-EEren kontrako botoekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak