2011ko lehen hiruhilekoan amaituko dute ospitalearen lehen eraikin berria

Ubane Madera 2010ko aza. 2a, 14:00

Eraikina amaitu ostean, lau hilabete beharko dituzte ekipamendurako. Hori horrela, eta Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 2011ko amaieran jarriko dute abian eraikin hori. Horrek esan gura du atzeratuta dabiltzala ospitalearen eraikin berriko obrekin, aurtengo apirilean Jose Luis Angulok, orduko gerenteak iragarri zuen-eta aurtengo abenduaren 31rako amaituta izango zutela obra guztia.

Rafael Bengoak, Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailburuak jakinarazi ditu datu berriok Legebiltzarrean, EAJko Bakartxo Tejeria legebiltzarkidearen galderei erantzunez.

Legebiltzarkide jeltzaleak galdetu du, baita ere, zein den aurreikuspen ekonomikoa, zein gastu egin den orain arte ospitaleko obretan eta ea krisi ekonomikoak edo aurrekontuen mozketek eraginik izango duten.

22 milioi gastatuta

Horri erantzunez, Osasun sailburuak jakinarazi du lehen faserako partida ekonomikoa 27.105.746 eurokoa dela, eta hortik 22.579.660 euro gastatu dituztela. Eta gehitu du krisiaren eragina zein aurrekontuen mozketa “hurrengo ekitaldietan Eusko Legebiltzarrak zehaztutakoaren araberakoa” izango dela.

Funtzionamendua

Bestalde, ospitalearen funtzionamenduari buruz ere galdetu du Bakartxo Tejeriak, jakin nahian ea aurreikusitako zerbitzuak martxan dauden edo noiz ipiniko dituzten martxan; eta ea zerbitzuren bat atzeratu edo martxan jarri barik geratu daitekeen.

Bada, erantzuna izan da behin lehen fasea abian jarrita, “eskualdeko asistentzia eskaria aztertuko” dela “plan funtzionala horretara egokitzeko/eguneratzeko eta ondorioz, bigarren faseko eraikina zuzen egokitzeko”.

Bigarren fasea 2013ko lehen hiruhilekoan

Bukatzeko bigarren fasearen daten gainean ere galdetu du EAJko legebiltzarkideak. Eta Osasun sailburuaren erantzuna izan da bigarren faseko obrak 2013ko lehen hiruhilekoan hasiko dituztela, “18 hilabete inguruan” amaitu eta “proiektuan bildutako zerbitzu guztiak abian jartzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak