Aste Santutik uda bitartean sartuko dira maizter berriak Garaiara

Ubane Madera 2006ko urr. 11a, 11:16
Garaiako kudeatzaile Andoni Gartziak esan digunez Gabonetatik martxora bitartean bukatuko dituzte Garaia Berrikuntza Guneko aurreneko bi eraikinak eraikitzen. Hori horrela, Aste Santutik uda bitartean hasiko dira maizter berriak sartzen.

"Ikerketa zentroak eta laborategiak izango dira; eraikinen, %30a dugu erreserbatuta. Garaiak ere zerbitzu batzuk eraikinotan emango ditu. Horrez gainera, ipiniko dugu auditoriuma, enpresendako bilera gelak… Eta lehenengo eraikinean prototipoak egiteko tailerrerako 1.400 metro koadro prest ditugu. Pentsatzen dugu, baita ere, MCCko promozio industrialeko sail berriaren bulegoak bertan kokatzea". Hala esan digu Gartziak.

Zintzilik dauden eraikinak

Eraikin horiek bereziak direla gaineratu digu: "Errepidearen ondokoa dago eutsita barruan dituen kable batzuekin, zubi erraldoiak moduan. Badirudi zintzilik dagoela". Donostiako epaitegia egin zuen Angel de la Hoz arkitektoaren lana da.

Aurreneko fasean: Edertek

Garaiak, guztira, izango du 450.000 m2-ko azalera. Eta egiten dabiltzan lehenengo zatiak ditu 200.000 m2. Dagoeneko 25 hilabete daramatzate lanean: "Faseka hasi gara lanak egiten. Lehenengoan biribilgunea, azpiegiturak, aurreneko eraikinak eta Edertek kooperatibaren zentro teknologiko berria eraikitzen dabiltza".

"Aurtengo Gabonetarako bukatuta izango da Edertek. 40 bat lagun lanean ibiliko dira; hiru urtera begira, berriz, 55-60 pertsona inguru. Automozioan material berriekin ikertuko dute".

Bigarren fasea

Datorren urtean, berriz, bigarren fasearekin hasiko dira: "Garagartzako konexioa egingo dugu (Ibarreta gainetik bide bat Garaia egon dadin Garagartzarekin konektatuta). Orain, berriz, falta zaigu Gau-Txori pareko biribilgunea bukatzea. Erdia eginda utzi dugu, eta beste erdia egiteko Diputazioarekin ados ipini behar dugu, zirkulazioan ahalik eta eragozpenik txikiena sortzeko. Horrekin batera, saneamendua lotu behar dugu kolektorearekin. Bestalde, LKSk 3.000 m2-ko eraikina egingo du egoitza nagusi izateko eta han ikerketak eta hainbat negozio abiaraziko ditu. Datorren urteko udan hasi nahi dituzte lanak. 2008ko udan han egotea nahi dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak