Elizondo jatetxearen parean geratzen da autobusa Garagartzatik Arrasatera joateko. Baina horretarako errepidea gurutzatu behar izaten dute Garagartzako auzotarrek, horrek dakarren arriskuarekin. Batez ere, kontuan hartuta Arrasatetik Aramaiora doazen gidariek bihurgune bat dutela auzotarrek errepidea gurutzatzen duten puntu hori baino lehen.
Horrela, zenbait auzotarrek arrisku horrengatik kezka erakutsi diote Udalari. Eta Udalak gauza bera egin du Diputazioarekin, errepide hura harena da-eta.
Orain, jakinarazi digutenez, Diputazioak arrazoia eman dio Udalari; baita dirulaguntza ere, geltokia egokitzeko: 50.000 euro.
Segurtasun neurriak gura
Horri esker autobusa geratzen den lekuan obrak egingo dituzte, markesinari lekua egiteko. Horrez gainera, Udalak gura du segurtasun neurriren bat ipintzea, auzotarrendako, semafororen bat edo antzeko zerbait. Abiadura murrizteko bandak gura dituzte zenbait auzotarrek. Kontuak kontu, Udalak egin du eskaera. Orain Diputazioaren erantzuna falta da.