Zerrajera inguruan babes ofizialeko 672 etxebizitza egingo dira

Maider Arregi 2006ko urr. 3a, 21:02
Gipuzkoako Foru Aldundiak onespena eman dio Arrasateko Udalak egindako eskaerari. Hala, hasieran aurreikusita zeuden 476 etxebizitzen ordez 672 egin ahal izango dira, guztiak babes ofizialekoak.

Koldo Azkoitia Aldundiko bozeramaileak esan du Zerrajera-2 eremuak sei lurzati izango dituela: bost etxebizitzetarako izango dira eta beste bat jarduera ekonomikoetarako. Eraikinek ondorengo egitura izango dute: garajeetarako sotoa, merkataritza jardueretarako izango diren behe solairuak eta etxebizitzetarako zazpi solairu. Eraikinek gehienez ere 25,5 metroko altuera izango dute teilatu hegaleraino.

Foru Aldundiaren erabakian, iraunkortasuna eta ingurumen eragina zaintzera bideratutako neurri batzuk aurreikusten dira. Era berean, eraikin berriek nahitaez 10 metroko gutxieneko tartea gorde beharko dute Deba ibiaren ubide publikoaren mugaketa lerrotik.

Urbanizazio berriak eragingo duen biztanle dentsitatearen hazkundeari erantzuteko, onartutako agiri horretan beharrezkoak diren espazio libreak ere gehitzen dira. Horrela 3.700 m2 birkalifikatuko dira eta Zerrajera-2 eremuko hegoaldean parke berri bat egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak