Eskubideen aldarrikapenean gehiago ez atzeratzeko deia zabaldu zuten EAko buruzagiek Alkartasun Egunean

Jon Berezibar 2006ko ira. 18a, 10:31
Alkartasun Eguna egin zuten atzo Arrasaten, alderdia indartzeko deiarekin. Independentzia eta sozialdemokrazia ardatz, EAk orain dela 20 urte sortu zenetik izandako koherentziaz mintzatu ziren Errazti eta Ziarreta, Uarkape pilotalekuan eginiko ekitaldian. Hauteskundeei begira alderdia indartzeko dei egin zuten EAko buruzagiek, ika-miken gainetik.

"Inoiz baino gehiago, Eusko Alkartasunaren proiektua indartu eta independentzia eta sozialdemokraziarako" dei sutsuarekin ospatu zuten atzo Arrasaten Alkartasun Eguna. Mugarria izan zen, gainera, atzokoa, alderdiak 20 urte bete ditu-eta irailean EAJtik banatu eta bere bideari ekin zioenetik. Gainera, saltsa politikoan, maiatzeko hauteskundeetan jeltzaleekin koalizioan ez aurkezteko erabakiak hautsak harrotu ditu.

Edozelan ere, alderdien ika-miketan murgildu baino gehiago, bi hamarkadotan egindako lanaren ospakizuna izan zen atzoko ekitaldia. Begoña Errazti buru, alderdiko buruzagitza osoa eta Gobernuko alderdiko kide guztiak izan ziren Uarkape pilotalekuan. 12:20an hasi zen ekitaldia: frontoi osoa beteta eta jendea zutik, txalo artean hartu zituzten buruzagiak. Debagoieneko koordinatzaile Pello Urizarrek eta Jaurlaritzako Biodibertsitate zuzendari Elisa Sainz de Murietak gidatu zuten ekitaldia.

Ziarreta

Baina lehenengoa hitza hartzen Unai Ziarreta izan zen; idazkari nagusiak hasi bezain laster ekarri zuen gogora 20. urteurrena, eta esan zuen 1986an EAren desagerpena iragarri zutenak oso oker zebiltzala. Hala, "orain eta lehen alderdiak proiektu independentista eta sozialarekin aurrera" jarraitzen duela adierazi zuen Ziarretak, zalantza guztiak gaindituta daudela. Hala, argi utzi gura izan zuen "eraikuntza nazionalak eta sozialak batera" joan behar dutela, batak bestea barik zer eginik ez duelako. Koherentzia izan dela horren ardatza adierazi zuen idazkari nagusiak, "Eusko Alkartasunak alderdiaren interesak gainditzen dituelako herriaren alde".

Une politikoari aipu eginez egin zuen aurrera Ziarretak bere interbentzioan. Hauteskundeei begira, alderdia indartzeko garaia dela agertu zuen eta konponbiderako mahaien beharra azpimarratu, "PSOE eta Batasunaren interesengatik blokeatuta dagoena".

Errazti

Alderdikideenganako esker-on hitzaldia izan zen Erraztirena, "alderdiak 20 urtean bete egin dituelako bere konpromisoak". Europari begiratuta, euskal gizartea aldarrikapenetan bakarrik ez dagoela esan zuen. Izan ere, EAko alderdikideekin batera, Uarkapen zeuden Esquerra Republicana, Chunta Aragonesista, Andaluziako Alderdi Sozialista eta Bretainiako nazionalisten ordezkariak. "Autodeterminazioa, independentzia eta sozialdemokrazia" izan ziren haientzat ere Erraztik eskatutakoak. Edozelan ere, mezu garbia helarazi nahi izan zien "espainolei": EAk beti jarraituko duela espainolen aurrean borrokan, "eta ez aurka". Baina argi laga nahi izan zuen "euskaldunen eskubideen eskaerak atzeratzen dabiltzala" eta "prozesu guztien gainetik euskaldunei gure eskubideak itzuli behar zaizkigula". Horrela, "une hau 1978koa baino garrantzitsuagoa da. Gure eskubideak eskatzen orain atzeratzen bagara, hainbeste espero dugun independentzia ere atzeratuko dugu". Jendea zutik eta "Independentzia!" oihuekin amaitu zuen Begoña Erraztik ekitaldia.

Alderdikideen bazkaria

Ekitaldia egin eta gero, herri bazkaria egin zuten alderdikideek Musakolako kiroldegian. Eta 2.000 militante baino gehiago batu ziren, Euskal Herri osotik etorritakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak