Lakuntza ez da aurkeztuko datozen udal hauteskundeetan

Goiena 2006ko uzt. 3a, 20:21
Gaur goizean osoko bilkura egin dute udaletxean. Tentsioa izan da nagusi bilkuran. Alkateak Udal Gobernuko aldaketen berri eman du eta beste hainbat puntu ere izan dituzte aztergai. Bilkuraren ondoren, Inazio Lakuntzak esan du hurrengo udal hauteskundeetan ez dela aurkeztuko.

Inazio Lakuntzak esandakoa

Inazio Lakuntzak esandakoa

Osoko bilkuraren ondoren kazetari baten galderari erantzunez, datozen udal hauteskundeetara ez dela aurkeztuko esan du Lakuntzak. "Nire bizitza pertsonala zaindu behar dut", horixe izan da eman duen arrazoia. Bestalde, esan du, lasai sentitzen dela bere buruarekin eta egin duen lanarekin. Zera gehitu du: "Erakunde publiko bat ezin da kudeatu baldintza hauetan eta oso penagarria da erakunde batean lan egitea reality show bat izango balitz moduan".

Aldaketak

Alkateak Udal Gobernu taldetik kanporatuko du Ines Aldai zinegotzia, orain talde mistoan lanean dabilena, eta Euskara eta Kultura batzordean duen ardura ere kenduko dio. Lakuntza alkateak berak hartuko ditu orain Aldaik zituen ardurak.

Aldaik argi utzi du berak ez duela dimititu, alkateak bota duela. Kargu uzte horren aurrean, hala ere, EA, PSE-EE eta PPko bozeramaileek eskerrak eman dizkiote Ines Aldairi, kultura arloan egin duen lanagatik. Guztiek ere oso lan ona egin duela esan dute.

Beste aldaketa orain dela aste batzuk gertatu zen, Joxe Etxeberria Aralarreko zinegotziak udal gobernu taldea utzi zuenean. Bere ordez Aitor Saez de Azkunaga zinegotzi jeltzalea sartuko da udal gobernuan eta berak hartuko du Gizarte Sustapenerako saila ere.

Tentsioa bilkuran

Tentsioa protagonista izan da lehen unetik azkeneraino eta konfiantza falta ere agerian gelditu da puntu askotan.

Uribarri eremuan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko bi lursailen azalera eskubidea izendatzeko orduan, esate baterako, Alderdi Popularrak esan du dagoeneko ezin direla fidatu eta ezin dutela botoa eman gauzak hobeto aztertu barik.

Eztabaida beroa sortzen hasi da, ordea, kultura etxearen prezio aldaketen puntuan. Izan ere, alderdiak gaur egun udalean dagoen egoerari buruz hitz egiten hasi dira.

Etxeen esleipena

Udalak La Caixari esleitu dio Zerrajera eremuan gazteendako eta nagusiendako egin behar dituzten babes ofizialeko etxebizitzen proiektua. Eztabaida luzea eta gogorra izan da gai horren inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak