Gamei-n negoziazioak eten dituzte

Nerea Zubiete 2006ko ots. 21a, 18:00
Gamei enpresan guztiz eten dituzte negoziazioak. Langileek akzioak erosteko eskaintza egin zieten atzo saldu nahi ez duten bazkideei, baina espero ez zuten prezio batekin egin zuten topo. Enpresaren akzioen 6'78ren truke 180.000 euro eskatu zizkieten. Kontuan hartuta Gamei hondamen teknikoan dagoela eta Justizia Administrazioak esku hartu duela auzian, langileek probokazioa deritzote prezio horri. Uste dute bazkide bi horiek, Eduardo Etxebarriak eta Julian Sagastak, nahi dutena dela enpresa ixtea eta likidazioa egitea.

Langileek azaldu dute akzioak saldu nahi ez dituzten bazkideek oso balorazio altua egin diotela enpresari. Nahiz eta hondamen teknikoan egon eta judizialki ordainketa etenduran egon irailetik, Eduardo Etxebarriak eta Julian Sagastak Mª Carmen Etxebarriaren izenean enpresaren aktiboen balioa 2.650.000 euro dela esan dute. Eurek bien artean akzioen %6'78 badute, 180.000 euro eskatzen dituzte.

Enpresa itxi nahi

Enpresa komiteak prezio horren aurrean egin duen irakurketa da: bazkideek nahi dutena dela enpresa ixtea eta likidazioa egitea. Langileak, gainera beldur dira egoera hau azkar konpontzen ez bada, Justizia Administrazioak edozein unetan egin dezakeelako enpresaren ondasunen kontu hartzea eta likidazioa. Egoera luzatuz gero, enpresaren aktiboak ez dira nahikoa izango Gamei-k dituen zor guztiak ordaintzeko.

Langileek salatu dute bazkide biek, akzio gutxi dituztela, baina bertan behera utzi dituztela gainontzeko jabe guztiek, langileek eta Fagor Arrasatek hartu dituzten akordio guztiak.

Negoziazioak etenda, gaur 18:00etan kale bilkura egingo dute Gamei-ko langileek Lau Bide plazan. Hurrengo egunetan ere kale bilkurak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak