Ezker Batua-Berdeak Udal Gobernutik kanpo

Nerea Zubiete 2006ko urt. 17a, 12:49
Ezker Batua-Berdeak Udal Gobernutik kanpora gelditu da. Udalak La Caixarekin babes ofizialeko etxebizitzak egiteko priektuari babesa ez ematea izan da arrazoia, Alkateak azaldu duenez. Alkateak gaur sinatuko du kanporatzeko dekretoa eta urtarrilaren 30ean egingo den Osoko Bilkuran emango du erabakiaren berri.

Udalak abenduan hartu zuen erabakia Osoko Bilkuraren bitartez, Zerrajera eremuan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko La Caixarekin. Erabaki horrekin, Udalak baztertu egin zuen Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitza horiek egiteko aurkeztu zuen proiektua. Osoko Bilkura horretan Ezker Batuak aurkako botoa eman zion La Caixaren proiektuari.

Udalak sinatu du La Caixarekin hitzarmena, baina proiektua aurrera eraman ahal izateko, Egitamu Orokorra aldatu egin behar da Zerrajerako eremu horretan. Aldaketa hori egiteko, gainera, Gobernuak gehiengo absolutua behar du Osoko bilkurako bozketan. Horren aurrean, azaldu du Lakuntza Alkateak, Udalak baldintza jarri zion Ezker Batuari: Egitamu Orokorra aldatzeari ere ezetza ematen bazion, Gobernutik kanpora gelditzeko arriskua zuela.

Ezetza

Ezker Batuak alderdiko Asanbladari galdetu zion iritzia eta ezetza izan da erantzuna. Ez dute baiezkorik emango Egitamu Orokorra aldatzeari. Horren ostean, beraz, urtarrilaren 16an egindako Tokiko Gobernu Batzordean erabaki zuten Ezker Batua-Berdeak Udal Gobernutik kanpora uztea.

Gaur bertan sinatu behar du Alkateak kanporatzeko Dekretoa. Horren ostean hainbat tramite egin behar da, besteak beste Garapen Jasangarria Sailerako beste Arduradun bat izendatu beharko da. Gaur egun Ezker Batua-Berdeak-en Joseba Ugalde zinegotziaren ardurapean dago sail hori. Hilaren 30ean egingo duten ohiko Osoko Bilkuran emango dute horren berri ofizialki.

Gehiengo absolutuaren bila

Orain Udal Gobernu taldea proiektuak aurrera ateratzeko botoen bila hasiko da. Esan dugun moduan, La Caixaren proiektua ateratzeko gehiengo absolutua behar du Osoko Bilkuran. Udal Gobernuan dauden EAJ-k, EA-k eta Aralarrek gaur egun 10 boto daude eta 11 behar dituzte gehiengo absolutua lortzeko. Beraz, Alkateak azaldu du oposizioko alderdiekin hasiko direla hitz egiten, gehiengo hori lortzeko, proiektuak aurrera ateratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak