Udalak hitzarmena sinatuko du La Caixarekin babes ofizialeko etxebizitzak egiteko

Nerea Zubiete 2005ko abe. 20a, 17:56
Udalak babes ofizialeko etxebizitza gehiago egingo ditu Zerrajera eremuan. La Caixa banketxearekin sinatuko du hitzarmena proiektua abiatzeko, atzoko Osoko Bilkuran onartu zutenez. Kritika handiak izan ditu erabakiak. Proiektua abiatu baino lehen aldaketa batzuk onartu behar ditu Udalbatzarrak. Proiektoa babestu ez duten alderdiek iragarri dute oposizio handia egingo dutela Osoko Bilkura horretan.

Zerrajera inguruan, gazteentzat eta 65 urtetik gorakoentzat babes ofizialeko 148 etxebizitza egiteko proiektua aurkeztu du La Caixak. Eaj-ren, Ea-ren eta Aralarren aldeko botoekin onartu zuen atzo Osoko Bilkurak La Caixarekin proiektu hori abiatzeko hitzarmena sinatzea. Horrela, baztertu egin zuten Eusko Jaurlaritzak aurkeztu zuena. Hain zuzen ere, eremu horretan babes ofizialeko 364 etxebizitza egiteko proiektua.

Kritikak

Ezker Batua-Berdeak alderdiak oso gogor kritikatu du erabakia, esanez ekimen pribatuari ematen zaiola lehentasuna eta behar sozialak alde batera uzten direla. Kritikatu du baita ere La Caixaren proiektuko etxebizitzetara iristeko gutxienez 9.600 euro irabazi behar direla. Eusko Jaurlaritzaren eskaintzara iristeko, berriz, 3.000 euro. Ander Rodriguez Zinegotziak azaldu du irizpide horiekin Etxebiden izena emanda duten 150 familia arrasatear geldituko dela etxebizitza horietan bizitzeko aukera barik. Gainera esan du urtero igoko dela kpi-rekin batera gutxieneko oinarri hori eta gero eta lagun gehiago geldituko direla kanpoan.

Alderdien arteko kritikak

Ezker Batua-Berdeak alderdiak gogor kritikatu du Aralar alderdia. Esan du Arrasaten ekimen pribatuari lagundu diola, Eusko Jaurlaritzaren aurrean beste irizpide batzuk erabiltzen dituela.

Aralar alderdiak, berriz, uste du La Caixak aurkeztu duen proiektua ona dela Arrasaterentzat. Zalantzak azaldu ditu Jaurlaritzak aurkeztu duenarekin, premura handiz aurkeztu duelako eta gainera epeak ondo zehaztu barik. Horretaz gainera, Aralarrek uste du formula bat baino gehiago erabil daitekeela. Esate baterako, orain La Caixarekin egin daitezke 148 etxebizitza eta gainontzekoak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu. Baina Etxeberria Zinegotziak esan du Arrasaten jarrera oso itxiak daudela eta gauzak zuri edo beltz baino ez direla ikusten. Horrek ate asko ixten dituela uste du Aralarrek.

Alderdi Sozialistak esan du Arrasateko Udalak larregi hitzartzen duela ekimen pribatuarekin eta gutxiegi publikoarekin. Paco Garcia bozeramaileak dio ez duela ulertzen zein interes egon daitekeen Jaurlaritzako proiektua baztertzeko.

Alderdi Popularrak beste kritika hau egin du: Arrasaten oso informazio gutxi zabaltzen dutela Gobernuan dauden alderdi batzuek. Popularrek esan dute oso berandu jakin zutela Jaurlaritzak ere proiektu bat aurkeztu zuela eta hiru aste eman dizkiotela erabakia hartzeko. Uste dute horrelako erabaki garrantzitsuak ezin direla hain azkar hartu.

Inazio Lakuntza Alkateak, berriz, uste du La Caixak aurkeztutakoa oso proiektu garrantzitsua dela, martxorako makinak hasiko direla lurrak mugitzen etxebizitzak egiten hasteko. Mesfidati azaldu da Alkatea Jaurlaritzako proiektuaren aurrean. Epeak zehaztu barik daudela esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak