Ehunka herritarrek eskatu zuten Jon Agirre aske uztea

A.G. 2005ko abe. 19a, 09:18
Ehunka herritarrek eta Aramaio eta Arrasateko udaletako ordezkariek bat egin zuten zapatu arratsaldean Jon Agirre presoaren aldeko herri ekimenak egindako manifestazio deiarekin. Senideek oraindik ez dute galdu datorren urterako etxera ekarriko duten esperantza.

Aramaioko presoak 64 urte ditu eta larri dago gaixorik. Hori dela-eta, uztailean 92. artikulua aplika ziezaioten eskatu zuten, hau da, gaixotasun larriarengatik askatasuna eskatzeko, baina ukatu egin zioten. "Oraindik ere esperantza daukagu ea datorren urterako-edo etxera ekarriko duten"; horixe adierazi zuen Mari Terek, presoaren arrebak, manifestazioa hasi baino minutu batzuk arinago. "Jon egoera oso larrian dago eta adinez aurrera doala, okerrera egingo du", azaldu zuen Mari Tere Agirrek. Besteak beste, hipertentsio arteriala, diabetea, neuropatia diabetikoa, miopia eta bihotzeko arritmiak jota dago Aramaioko presoa. Gainera, duela gutxi ebakuntza egin diote.

Babes zabala

Zapatuko agerraldiak instituzio eta herriko taldeen babes zabala izan zuen. Aramaio eta Arrasateko alkateez gain, EAJ, Batasuna, EA, EB, Aralar, Herri Anitza, EAE eta Zutikeko ordezkariak izan ziren, ELA, LAB, CCOO, EHNE eta ESK sindikatuetakoekin batera. Deialdiarekin bat egin zuten herriko beste hainbat taldek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak