Udalak kultura etxeko obren bigarren proiektua onartu du

Goiena 2005ko aza. 4a, 18:45
Arrasateko Udalak kultura etxea birmoldatzeko obren bigarren proiektua onartu du. EAJ, EA, EB eta Aralar alderdiek aldeko botoa eman dute. PPk eta PSE-EEk berriz aurkakoa. Dagoeneko kultura etxean hainbat lan egin dituzte. Horregatik oposizioak hori salatu du.

PPk eta PSE-EEk kritika ugari egin zituzten atzoko osoko bilkuran. Besteak beste, udal gobernu taldeak informazioa gorde egin duela eta gauzak inorekin aztertu gabe egin dituela adierazi zuten.

PP eta PSE-EE-ren salaketak

PPko bozeramaile Itziar Lamarainek, azken urte erdian informazioa jasotzeko egin dituen galdeketen txostena azaldu zuen. Informazioa ezkutatu zaiela dio.

Paco Garcia sozialistak ere informazio gabezia salatu zuen. Bereziki azpimarratu zuen uste zuela kultura etxeko obrak egiteko erabilitako prozedura legez kanpokoa dela

Alderdi sozialistak, bestalde, argi utzi du eurak inoiz ez direla egon proiektuaren beraren aurka. Legea betetzea baino ez dutela eskatzen.

Frantziskotarrekin akordioa

Kultura etxearen auziarekin jarraituz. Aita Frantziskotarrekin hitzarmena sinatzeko akordioa hartu zuen irailean osoko bilkurak. Alderdi sozialistak horren aurkako helegitea jarri zuen, berraztertzea eskatzeko. Atzoko osoko bilkuran helegiteari erantzuna eman zioten. Udalak kontratatuta duen EKAIN aholkularitza juridikoaren txostena aurkeztu zuen. Han esaten zen frantziskotarrekin sinatzeko dagoen akordioak legeak agintzen duena betetzen duela. Hala ere, alderdi sozialistak zalantzan jarri zuen EKAIN aholkularitza juridikoaren txostena.

Udalaren balorazioa

Balorazio baikorra egin zuen Inazio Lakuntza alkateak kultura etxearen lanen bigarren aldaketa onartu egin zelako. Hain zuzen, aurrekontu txikiagoa aurkeztu zuten. Izan ere, udalak desadostasun handiak izan ditu kultura etxea egiten dabilen eraikuntza enpresarekin. Hasiera batean aurrekontua milioi bat 800 mila euro zen eta atzo mahai gainean jarri eta onartu zen aurrekontua 800 mila euro izan zen. Bestalde, oposizioak egindako kritiken inguruan, alkateak esan zuen informazioa aspaldi zegoela alderdien eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak