Historia berreskuratzeaz gain, herrigintzan ere egin zuen lan
"Jose Mari ezaguna izan da gure artean historialari izan delako, baina beste gauza batzuk ere egin zituen. Kultur arloan eta herrigintzan lanean aritu zen. Zinegotzi izan zen 9 urtez 58tik. Herriarekin oso inplikatuta, Udalean zintzotasunez lan egin zuen. Gerra ostean Arrasate oso zatituta zegoen eta bere gain hartu zuen Luistarren kongregazioaren ardura. Club Deportivo Mondragon sortu zenean presidente izendatu zuten eta Arrasaten garai hartan kirol munduan egindako ekimen gehienen arduradun nagusia izan zen. "
Maisu
"Historia kontuetan hasi nintzenean Jose Marirengana jotzen nuen, maisu baitzen niretzat. Bide bat erakutsi zuen Arrasaterengan sinisten genuenongan eta aprobetxatu egin nuen bide hori."
Lanean zorrotza
"Zorrotza izan da bere lanetan. Sutan jartzen zen Arrasateri buruz idatzitako edo esandako gauza batzuekin. Legenda asko dago Arrasaten eta ez dago batere ziur esandako legenda horiek benetakoak direnik. Jose Mari zorrotza zen eta zerbait idazten zuenean beti idazten zuen datu konkretu eta zehatz baten gainean. Hori da eskertzekoa."
Guztiaren gainetik, mondragoetarra
"Herritar peto-petoa sentitzen zen Jose Mari eta bere burua zerrajero moduan kontsideratzen zuen, 50 urte lanean egin baitzituen han. Batez ere, herriko txokoak eta giroa maite zituen. Azken hiru urteotan ezin izan da etxetik nahi beste irten eta Arrasateko giro hori ez bizitzean sufritu egin du.