Meza egingo dute San Joan parrokian 11:00etan eta horren ostean Lau Bide plazan dagoen monolitora hurbilduko dira. Han lore eskaintza egingo dute.
Une gogorrak izaten dira desagertutakoen senitartekoentzak omenaldietako horiek, baina diote urte askotan egon direla ofizialki ahaztuta. Orain uste dute merezi duela memoria bizirik iraunaraztea.
Bi izen gehiago
Lau Biden dagoen monolitoan desagertutakoen izenak daude. Orain arte jakin direnen izenak dira. Horregatik tokia utzi zuten izen gehiago jartzeko, bazekitelako gehiago azalduko zirela.
Ba oraingoan bi izen gehiago jarriko dituzte. Izen bat arrasatear batena da eta Elgetako hilobi batean aurkitu zuten. Bestea bergarar batena da eta Iruñean fusilatu zuten. Bergarar horren senitartekoak Gernikan bizi dira, baina Debagoieneko fusilatuen senitartekoekin jarri dira harremanetan eta bere izena, beraz, gainontzeko fusilatuekin batera jarriko dute oroimenerako.
Aurtengo omenaldia domekan egingo dute, baina datorren urterako hasita daude lanean. Izan ere, datorren urtean omenaldi handiagoa egin nahi diete gerra garaiko fusilatu eta desagertarazitakoei.