MCCk lau urtean 25.000 lanpostu gehiago sortu nahi ditu

Maider Arregi 2005ko mai. 13a, 12:05
Hurrengo hiru urtetan, 17.000 milioi euroko salmentak finkatzea eta 25.000 lanpostu gehiago sortzea du helburu MCC-k.

Atzo prentsaurrekoa egin zuen Mondragon Korporazio Kooperatibak. Bertan, iazko emaitzen eta datozen lau urteetarako helburuen berri eman zuen. Guztira 4.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten du Korporazioak 2005-2008 Plan Estrategikoan.

Nazioartean hedatzea

Nazioartean nabarmentzea da, helburuetariko bat. Azken urteetan areagotuz joan den joerari jarraituz, norabide nagusi Txina eta Europa Ekialdeko herrialdeak izango dituzte. Jesus Catania, MCC-ko presidentearen arabera, aurrerago begira Errusiara zabaltzeko asmoa ere badute.

Lau urteren buruan "atzerrian 70-75 lantegi izateko aukera" zehaztu zuen Cataniak."Lantegi horiek merkatu berriak irabazteko dira eta bide batez hemengo ekoizpena banatzeko" zehaztu zuen MCC-ko presidenteak.

Salmentak

Nazioartekotze lan horrekin, 2008an industria salmenten %16 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo izango dituzten lantegietatik irtetea aurreikusten dute. Eta Industria Talde osoaren nazioarteko salmentak (Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak) salmenta guztien %57 izatea.

Iazko etekinak

Iaz, %8,3 handitu zituen salmentak MCCk (Industria eta Banaketa taldeek) eta 502 milioi euroko emaitza gordinak iritsi, aurreko urtean baino %22,1 gehiago. Bide horretan, 2.624 lanpostu berri sortu zituen eta gaur egun ia 71.000 langile dira MCCn. Emaitza "zinez onak" direla esan zuen Cataniak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak