Hilaren 17an aurkeztu zuten autobusa, Gasteizen eta EAEko 25 herritatik pasatuko da. Debagoienean, Arrasatera bakarrik etorriko da. Autobusa, 16:00etatik 19:00ak arte dago zabalik. Eta barruan bi begirale daude informazioa ematen, esku-orriak har daitezke eta bideoa ikusi.
Ander Rodrigezek esandakoaren arabera, oro har, 22.300 etxebizitza huts daude EAEn. Bizigune egitasmoaren Arrasateko arduradunak adierazi digunez, etxe huts moduan kontsideratzeko, gutxienez, bi urtez egon behar da hutsik etxebizitza.
2.000 etxebizitza huts
Hala, Etxebiden izena emanda duten 69.000 lagunei Bizigune zerbitzua eskaini gura die Eusko Jaurlaritzak. EBko zinegotziak esan digunez, Bizigune programa abaiarazi zutenetik (orain dela urte eta erdi) 2.000 etxebizitza huts hartu dituzte: %60 Bizkaian; %25 Gipuzkoan eta %15 Araban.
Edozelan ere, ikusi zuten Jaurlaritzak zailtasunak zituela herri guztietara iristeko, hala, erabaki zuten Bizigune egitasmoa zabaltzeko biderik egokiena Udalekin hitzarmenak sinatzea zela. Harrezkero, guztira, zortzi hitzarmen lortu dituzte EAEn: aurrenekoa Bilbon, bigarrena Arrasaten (urriaren 18an).
Hain zuzen ere, Arrasaten dagoeneko 24 etxebizitza huts eskuratu dituzte; zazpi halako Udalak hitzarmena sinatu zuenetik.
Ander Rodrigezek gaineratu digu orain arte kanpaina pasiboa egin dutela, baina aurrerantzean aktiboagoa izango dela. Hala, etxebizitza hutsen jabeengana zuzentzen hasteko asmoa dute. Esaterako, Arrasaten, herritik kanpora bizitzera joan ziren 1.000 laguni inkestak bidali dizkie jakiteko etxebizitza hutsik utzi duten Arrasaten.
Halaber, martxoan, pertsona bat ekartzeko asmoa dute, Arrasateko etxebizitza hutsen gainean inkesta egiteko. Etxebizitza huts kontsideratuko dute urtebetez hutsik egon den etxebizitza. Behin inkesta egin ostean, etxebizitzen jabeekin harremanetan ipiniko dira Bizigunen parte hartzea proposatzeko.
Ander Rodrigezen esanetan, oso balantze positiboa izango litzateke hilean hiru etxebizitza huts lortzea.
Txutxumutxu moduan, autobusa oso-oso kuriosoa da barrutik, ikusteko modukoa.