Udalatxeko meatzaritza jarduera eteteko eskatu du EB-Berdeak udal taldeak

Nerea Zubiete 2005ko urt. 20a, 11:21
EB-Berdeak taldeak salatu du Udalatx mendian egiten dabiltzan meatzaritza lanak legez kanpokoak direla, Udalaren lizentziarik ez dutelako. Alderdi horren esanetan, udal ordenantzek argi uzten dute horrelako jarduerek Udalaren baimena behar dutela. Oraingoan, ordea, ez dela hori aplikatu salatu dute.

Arrasateko ordenantzek 50. artikuluan esaten dutena jarri du mahai gainean EB-Berdeak taldeak. Artikulu horren arabera, lur azpiari ematen zaion erabilera kontuan izan gabe, lur azpiko instalazioek, lur mugimendu, lur erauzketa eta indusketek eta, azkenik, azterketa geoteknikoetarako laginek Udaleko baimena behar dute. Hori, salatu dute, oraingoan ez da aplikatu, beraz, legez kanpoko jarduera du esku artean Kanpanzarko Harrobiak. Horrek gainera, diote, ekarri du Udalak ez duela 120.300 euro jaso jarduera horretatik, lizentziarik ez ematean, tasarik ez duelako kobratu.

Txostena eskatu

Gauzak horrela, Ezker Batua-Berdeak alderdiak Hirigintza Batzordeko Zerbitzu Teknikoen esku utzi dute auzia, hauek behar den azterketa egin dezaten. Orain Zerbitzu Teknikoen txostenaren zain daude. Hala ere, txosten horrek ezetza emango baliete, alderdiak esan du ez duela baztertzen beste bideren bat jorratzea Udalatxeko jarduera eteteko eta hori "Udalatx mendiko meatzaren aurkako plataforman" planteatuko duela.

Ezker Batua-Berdeak-en esanetan, orain pilota Udaletxearen teilatuan dago eta euren esku dago lanetarako lizentzia ematea. Horretaz gainera, berretsi dute herri galdeketa egitearen aldekoak direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak