Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko progama da Bizigune, beraz, etxeen jabeei zuzenduta dago. Programa aurrera eramateko, Jaurlaritzak VISESA elkarte publikoaren esku utzi du ardura. Bizigunen sartu nahi duten etxeen jabeek 5 urteko kontratua sinatuko dute Visesa-rekin eta hortik aurrera elkarte publiko hori izango da ardura guztiak bere gain hartuko dituena.
Abantailak alde bientzat
Behin etxebizitza Visesaren esku gelditu ondoren, 5 urtez, jabea ez da etxeaz arduratuko eta hileroko alokairua bermatuta izango du. Horretaz gainera, maizterrekin edozein arazo judizial egonez gero, Visesaren esku geldituko dira ardura guztiak. Jabeak, gainera, etxea utzi zuen bezala jasoko du 5 urteak igarotzean.
Etxebizitza horietan sartuko diren maizterrek ere abantailak izango dituzte. Euren diru sarreren %30 baino gehiago ez dute ordainduko alokairua. Jabeek moduan, etxebizitzari dagozkion gai guztiak Visesa enpresaren bitartez bideratuko dituzte.
Bizigune programan sartzeko, gutxienez urte betean egon behar da hutsik etxebizitza. Gainera egoki egon behar da bertara bizitzen sartzeko. Horrela ez balitz, Jaurlaritzak 18.000 euroko kreditua emango dio jabeari, interesik gabe ordaintzeko, Visesa-rekin duen kontratuak irauten duen bost urteetan.
Arrasaten gaur egun 700 etxebizitza daude bertan inor erroldatu barik. Horietatik kalkulatzen dute 300 egongo direla hutsik.
Arrasateko Udalak kanpaina bat jarriko du abian herritarren artean Bizigune Programa hobeto ezagutarazteko. Programan sartzeko interesa dutenek, bestalde, udaletxera jo beharko dute eta Nerea Lazpiur teknikariarekin jarri harremanetan. Bestela, Arrasateko Udalean duzue informazio zehatza. Bestela, Visesa enpresarekin bat eginez lortuko dituzue argibideak.