’Hiru haundixek hiru egunetan‘ egiteko aukera ezin hobea AEDren eskutik

Xabier-Urzelai 2004ko urr. 21a, 18:33
AED elkarteak Hiru haundixek hiru egunetan mendi ibilaldia antolatu du urriaren amaieran izango den zubirako. Hiru egun horietan, Aizkorri, Anboto eta Gorbeiako tontorrak zapalduko dituzte, baina tontorrera igotzea baino batetik bestera joatea izango da nekezagoa.

Hiru tontor horietara igotzeko ibilaldian parte hartu gura duenak argi ibili behar du, izena emateko eguna datorren astelehenean amaituko da-eta, hilak 25. Izena emateko, AEDko bazkideek 35 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 40 euro.

Lehenengo etapan, Aizkorrira

Lehenengo etapa Zalduondon (Araba) hasiko da. Haraino joateko, baina, antolatzaileek autobusa jarriko dute. Zapatuan, hilak 30, Arbolapetan egongo da autobusa 07:00etan. Zalduondora iritsitakoan, mendizaleek Aizkorrirako (1.528 metro) bidea hartuko dute. Ez da ibilbideko igoera gogorrena; 900 metro igo beharko dituzte. Aizkorrira igotakoan Leintz Gatzagararantz abiatuko dira, eta horretarako, Elgeako mendilerroa zeharkatu beharko dute. Gatzagan amaituko da lehenengo etapa, eta bertan egingo dute lo.

Bigarren etapako tontorra Anboto (1.331 metro) izango da, baina lehenengo Anbotoko magaleraino joan beharko dute. Horretarako, Marinetik Kurtzetara egingo dute, eta Etxaguenetik Zabalaundira, Anbotoko magalera. Tontorra igo eta gero, Urkiolan amaituko dute bigarren etapa. Eta hirugarren etapako erronka izango da Arabako eta Bizkaiko mugan dagoen Gorbeiara (1.481 metro) igotzea. Urkiolatik irten, eta Barazarretik igarota Saldropora iritsi eta handik ekingo diote Gorbeia igotzeari. Arrasatera itzultzeko autobusa Murun izango dute.

Zapatuan jatekoa bakoitzak eraman beharko du, baina gainontzeko bazkari eta afariak antolatzaileek jarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak