Etxebizitza hutsei irtenbidea emateko hitzarmena sinatu dute

Goiatz Arana Begiristain 2004ko urr. 19a, 12:20
Arrasateko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsei irtenbidea emateko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmena sinatuta, Arrasateko udalerrian hutsik dauden 300 etxebizitza inguru alokairuan emateko lanean hasiko dira orain.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburu Javier Madrazok eta Arrasateko alkate Inazio Lakuntzak sinatu dute hitzarmena. Urtebete baino gehiago hutsik daramaten etxeak alokairuan jartzea da helburua. Arrasaten sinatu berri dena Gipuzkoan firmatu den lehena da eta Euskadiko bigarrena, Bilbokoaren atzetik.

Estatistikako Institutu Nazionalak emandako datuen arabera, Arrasateko udalerrian 300 etxebizitza inguru daude hutsik, eta 287 lagun dira Etxebiden izena emanda egonda Bizigune programaren bidez alokairuko etxebizitza eskatzen dutenak; horietatik 12k dagoeneko hartu dute etxebizitza bat alokairuan, eta beste 7 eskabide tramitatzen dabiltza uneotan.

Abantailak maizterrentzat nahiz etxe jabeentzat

Eusko Jaurlaritzak maizterrari kobratzen dion alokairu sozialak ezin du inoiz bere diru-sarreren %30a gainditu. Hala, 235 euro inguruko alokairua kobratzen diote hilero, eta etxearen jabeari 560 bat euroko errenta ordaintzen. Diferentzia Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du, eta etxebizitzan obrak egiteko beharra izanez gero, Eusko Jaurlaritzak 18 mila euro ematen dizkio etxe jabeari, inolako interesik kobratu gabe. Horrez gain, etxe jabeari errenta garaiz ordainduko zaiola eta etxebizitza ondo zainduta itzuliko zaiola bermatzen zaio. Udalari ez zaio laguntza ekonomikorik eskatzen, baina bai lankidetza. Hala, Udalak herriko etxebizitza hutsen zentsua egin, langileak lortu eta programa zertan den azaldu beharko die herritarrei, besteak beste. Nerea Lazpiur izango da Udalean programaren ardura izango duena. Programarekin bat ez datozen etxe jabeek ez dute zertan Eusko Jaurlaritzarekin akordiorik sinatu, hori bai, sinatzen denean, 5 urterako sinatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak