Ezin izan zen ikasturte hasierarako zabaldu zerbitzua, baina azkenean iraila amaitu baino lehenago 0 eta 2 urte bitarteko haurrak ere Herri Eskolako Bedoñabe eraikinean daude. 3 gela zabaltzea lortu dute, 20 umerekin. Gela bat txikienendako da eta beste biak urte bateko haurrendako. Hala ere, eraikinak beste hiru gela zabaltzeko aukera du, dagoeneko egokituta daudenak, matrikula handiagoa izanez gero.
Uda osoan ibili dira langileak Bedoñabe eraikina haurtzaindegi zerbitzurako ere egokitzeko lanak egiten. Ekainaren hasieran hasi ziren eta abuztuan ere lanean ibili dira. Egokitze lan horietan Arrasateko Udalak 234.560 euro gastatu ditu. Haurtzaindegi zerbitzu berriaren inaugurazioa urriaren bigarren hamabostaldian egingo dute.
Prozesu luzea
Prozesu luzea izan da Herri Eskoletan ere haurtzaindegi zerbitzua lortzea. Asmoa lehenagokoa bazen ere, aurtengo otsailean eman zuen Arrasateko Udalak lehen urratsa haurtzaindegi zerbitzua Arrasaten jartzeko eta Haurreskolak Partzuergoan sartzeko. Otsailaren 23ko osoko bilkuran erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko ziola Haurreskolak Partzuergoan sartu nahi zuela eta 2004-2005 ikasturtearen hasieratik bertatik, jarduera eskaini ahal izateko beharrezkoak diren instalazioak egokitzeko borondatea zuela.
Matrikula epea maiatzean egin zuten eta 20 ume matrikulatu zituzten. Aurrera begira, urrian matrikulatzeko beste epe bat zabaldu nahi dute, urtarrilan hasi nahi dutenendako.