Esklerosi anizkoitzaren alde murgil egin zuten Musakolako igerilekuan

Irati Agirreazaldegi 2004ko uzt. 12a, 11:04
Toki Argi erretiratuen elkarteko kideak boluntario zirela, esklerosi anizkoitza duten gaixoen aldeko ekintza berezia egin zuten domekan Musakolako igerilekuan

Esklerosi anizkoitza nerbio sistemaren gaixotasun kronikoa da. Nerbio zuntzen estalkiak handitu eta hondatu egiten dira garunean eta bizkarrezurrean; ondorioz, garuneko seinaleek denbora gehiago behar dute begietara, giharretara edo gorputzeko beste toki batzuetara iristeko, edo blokeatu egiten dira.

Ahuldadea eta gorputz atalak mugitzeko zailtasunak dira esklerosi anizkoitzaren sintometako batzuk. Atzo Musakolako igerilekura murgil egin zutenek, ordea, ez zuten horrelako arazorik. Hortaz, zein harreman dago esklerosi anizkoitzaren eta Musakolako igerilekuko ekintzaren artean? Bada, Busti zaitez izenburupean, esklerosi anizkoitzaren aldeko kanpaina egin zutela.

Sentsibilizazioa

Atzoko eguraldia, ordea, ez zen hain egokia igerilekurako, eta uraren tenperatura 19 gradutik beherakoa zela kontuan hartuta, gutxi batzuk baino ez ziren ausartu Musakolako uretan murgil egitera.

Goizez eta arratsaldez, guztira 30 lagun inguru ibili ziren igerian, eta guztien artean ia 5.000 metroko distantzia egin zuten. Horrela, igerilariek elkartasuna azaldu zuten, modu sinboliko batean, esklerosi anizkoitza duten gaixoekin.

Batzuek igerian ziharduten bitartean, kiroldegi kanpoan, Toki Argi erretiratuen elkarteko hainbat boluntario beste era bateko lanetan zebiltzan kanpaina honen baitan.

Bertatik pasatzen zirenei esklerosi anizkoitzaren inguruko informazioa helarazi zieten egun horretarako prestatutako esku orriekin eta, bide batez, diru laguntza eskatu zieten. Beste batzuek, berriz, Busti zaitez kanpainarako ateratako kamisetak saldu zituzten. Saldutako kamisetekin eta jendearen diru ekarpenekin 600 euro inguru bildu zituzten. Boluntarioak pozik azaldu ziren, jendeak arreta eskaini zielako.

Errehabilitazio zentruak

Kanpainaren helburu bat gizartea gai honetaz sentsibilizatzea eta informatzea zen; beste bat, gaixoei zerbitzu gehiago eskaini ahal izateko dirua biltzea.

Errehabilitazio zentroak ireki nahi dituzte Gipuzkoan eta Araban, orain artean Bilbon bakarrik egon da-eta halako zentrorik. Bestalde, pertsona hauendako egoitza bat irekitzea da beste asmo bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak