Monterron itxiko dute berriro ere

Nerea Zubiete 2004ko uzt. 8a, 10:42
Monterron parkeko zuhaitzen egoera uste baino larriagoa da eta parkea benetan zein egoeratan dagoen jakiteko, azterketa bat egin behar du Arrasateko Udalak. Azterketaren ondoren, hainbat zuhaitz eta zuhaitz zati moztu egin beharkodituzte. Horretarako, parkea itxi egin beharko dute.

Monterroneko 5 zuhaitz, 5 haritz hain zuzen, bota dituzte dagoeneko. Martxoan bota zituzten. Harrezkero, hala ere, azterketa gehiago egin dituzte adituek eta horiek ondorioztatu dute parkeko egoera uste baino okerragoa dela eta neurriak hartu behar direla. Lehen neurria azterketa sakonagoa egitea izango da.

Hiru fase

Arrasateko udalak erabaki du dagoeneko azterketa hori egiteko adjudikazioa edo esleipena. Gabriel Iguiñiz Agestari eman dio ardura. Aditu honek hiru fase proposatu ditu Monterroneko egoera zein den jakiteko eta ondoren konpontzeko.

Lehenengo fasean zuhaitzen egoeraren inguruko azterketa sakona egingo dute. Bigarren fasean zuhaitzekin hainbat lan egin beharko dira, dituzten zati gaixoak kentzeko. Edo beharrezkoa izango balitz, zuhaitzak botatzeko. Bi fase horiek onartuta ditu dagoeneko Udalak eta aurten egingo dira horiek lanok eta horretarako Monterron parkea itxi egin beharko dute.

Uztailean eta irailean itxi

Lehen fasea egiteko, hau da, azterketa sakona egiteko, hile honen azken astean itxiko dute Monterron parkea. Bigarrena egiteko, zuhaitzetan zuzenean lanak egiteko, irailean bi edo hiru astez itxiko dute parkea. Fase bi horiek egiteko, Udalak 30000 euro gastatuko ditu.

Iguiñiz adituak hiru fase proposatu ditu mOnterronerako. Eta hirugarren fasea parkearen diseinua izango litzateke. Hala ere, Arrasateko Udaletxeak ez du momentuz hori onartu eta lan hori beranduago egiteko uztea erabaki du.

Gogoratu, beraz, uztailaren azken astean eta irailean bi edo hiru astez, Monterron parkea itxita egongo dela, bertan egin behar dituzten lanak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak