Aurten ere oso jende gutxi ibili da Arrasateko San Juan jaietan

Jon Berezibar 2004ko eka. 28a, 11:04
Eguaztenean hasi eta atzo amaitu ziren Arrasateko jaiak. Ohitura bihurtzen ari den moduan jende gutxi ibili zen kaleetan. Hala ere, izan da ondo pasatzeko aukerarik.

Atzo amaitu ziren Arrasateko San Juan jaiak. Eguaztenean hasita, asko egon zen ikusi eta ondo pasatzeko. Lortutako erantzuna, ostera, ez zen espero bezain ona izan. Jendearen parte-hartzea urria izan zen eta ondorioz bizitasuna galdu zuten jaiek. Hala ere, nahi izan zuenak ondo pasatzeko aukera izan zuen. Asteburu aldera, gainera, giroa animatu egin zen, inguruetako lagun asko gerturatu baitzen Arrasatera.

Jaiek behera

Asko aipatu da, bailarako gainontzeko herrietan ere, jaiek behera egin dutela azken urteotan, eta aurten ere joera hori begi-bistakoa izan da Arrasaten. Jende askok, oporrak aprobetxatuta, atseden hartu eta kanpora irtetea erabaki du, uharteetara eta Espainia hegoaldera gehienbat; garai bikaina baita oporren atari hau.

Egitarauak

Jende gutxi ibili arren egitarauak eskaintza zabala izan du aurtengoan ere. Gustu guztiak asetzekoa ez, baina askotarikoa hala ere. Aipatzekoak dira Ruper Ordorikaren zapatuko kontzertua eta Euskadi Gazteko Disko Festa, biak hala biak jendez gainezka egon baitziren. Udal Bandaren kontzertuak ere jende asko erakarri zuen Monterron parkera. Udalekoaz gain Txosna batzordeak ere programa berezia izan zuen. Gaztetxeko kontzertua izan zen arrakastatsuena: Anger eta Kuraia taldeena, hain zuzen ere.

Errementari Dantza

Aurten huts egin ez duena Errementari Dantza izan da. Hamaikagarren urtez jada, herriko taldeek hasiera bikaina eman zieten jaiei. Halaber, herritar ugari gerturatu zen herriko plazara San Juan sua pizten ikustera. Herriko taldeek behintzat jaiei eustea lortu dute. Jendeak huts egin badu ere, gaitari, konpartsa, trikitilari eta dantzariek, besteak beste, herria animatu egin dute eta. Aurten bereziki Gaitariei eta SUDC taldeari eman behar zaizkie zorionak. Lehenek 25. urteurrena ospatu dute eta elkarteak 40 urte bete ditu. Atzo izan zuten merezitako omenaldia udaletxean. Egitarauak egitarau, benetan ondoen gazteenek pasatu zuten. Azterketak amaituta eta oporrak hasi berri, eurena izan zen gaueko giroa. Arrasateko San Juanak amaituta, Eskoriatzako San Pedroek hartuko dute lekukoa gaur, astelehena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak