Kultura artekotasuna hizpide San Antolin Herri Eskolan

Nerea Zubiete 2004ko mai. 13a, 12:53
Gizartean bezala, eskoletan ere gero eta kultura gehiago bizi behar dira elkarrekin eta hori izango dute hizpide zapatu honetan San Antolin Herri Eskolan. "Baikara" ikasleen gurasoen elkarteak antolatu ditu Kultura Arteko Sentsibilizazio Jardunaldiak, gurasoengan gaiak sortzen dituen kezkak baztertzeko helburuarekin.

Gipuzkoako Herri Eskoletako ikasleen gurasoen elkarteak, "Baikara"k jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 15erako Arrasaten, eskoletan gero eta gehiago ematen den kultura artekotasunaren inguruan hausnarketa egiteko. Musakolako San Antolin Herri Eskolan egingo dituzte sentsibilizazio jardunaldiok zapatu goizean.

Kezkak baztertzeko asmotan

Kultura artekotasuna, gurasoen artean kezka sortzen duen gai bat da, Baikara Elkartearen esanetan. Orain dela bi urte hasi ziren horrekin konturatzen eta lehenengo hausnarketak egin zituzten. Orduan debatea sortu zuten eta hor hasi ziren lehen urratsak ematen. Bi fase dituen proiektua abiarazi zuten. Lehenengoa Donostia egin zuten hausnarketa bideratzen hasteko. Orain bigarrena abiarazi dute. Herririk herri dabiltza kultura arteko harremanen inguruko jardunaldiak egiten.

Baikaran azpimarratu nahi dute, kultura ezberdinetako lagunak elkarrekin bizitzeko arazorik ez dagoela, pertsonek eurek ez badute oztoporik jartzen. Horrela, zapatuan Arrasaten egingo dituzten jardunaldietan hausnarketa bultzatuko dute gurasoen eta profesionalen artean. Goizeko 10etan hasiko dira jardunaldiak San Antolin Herri Eskolan eta arratsaldeko ordu bata arte iraungo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak