Agur jendetsua Jesus Larrañagari

Maria Agirre 2004ko mai. 10a, 17:21
Kooperatiba eta politika munduko jende ugari hurbildu zen zapatuan, Jesus Larrañagaren aldeko hileta elizkizunera. Arrasaten izan ziren, Sabin Intxaurraga eta Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Sailburuak, Jose Ramon Beloki EAJren diputatua Madrilen, eta Roman Sudupe, diputatu nagusi izandakoa. MCCtik presidentea, Jesus Catania, eta Fagor Etxetresnen gerentea, Pablo Mongelos izan ziren, besteak beste.

Euskadiko Kutxatik Juan Mari Otegi presidentea izan zen. Carmelo Urdangarin, eta Javier Mongelos, MCCko presidente izandakoa ere San Frantzisko parrokiara hurbildu ziren. Euskadiko Lan Elkartuko kooperatiben elkarteko presidentea, Patxi Ormazabal, eta Juan Luis Arrieta, Euskadiko Kooperatiben Kontseiluko zuzendaria ere hileta elizkizunetan izan ziren. Zapatuan egin zioten azken agurra Jesus Larrañagari, Arrasateko kooperatibismoaren sortzaileetariko bat izan zenari. Azkenaldian gaixo zegoen, eta joan den eguakotxean hil egin zen 77 urterekin. Larrañaga ezaguna zen, beste lau lagunekin batera, 1956an Ulgor izeneko lantegia abiarazi zutelako San Andres auzoan. Ulgorren, urtetan zuzendari komertziala izan zen. 1970ean, Fagorreko kudeatzailea izan zen eta 1981ean, zuzendari, Fagor taldearen nazioarteko operazioetan. Kooperatibetan erretiroa hartuta, AENOR erakundeko sortzaile eta presidente izan zen. Hainbat liburu eta eta artikulu ere idatzi zituen. Politikan ere esku hartu zuen, Eusko Alkartasunako exekutibako kide izan zen-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak