XXII. aldia izango du aurtengoa Arrasate-Oñati lasterketa herrikoiak. Maiatzaren 8an jokatuko da, hiru zapatu barru, beraz, urtero legez Jantzi Kirola Euskaraz lelopean. Lasterketa 18:30ean hasiko da Arrasateko Garibai etorbidean, eta aurreneko partehartzaileak 19:00ak pasatxoan iritsiko dira Oñatiko Foruen Plazako helmugara. Ibilbidea ohikoa izango da beraz, 11 kilometro eta 300 metrokoa.
Izena aurrez, maiatzaren 7ra arte
Lasterketan parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko: Oñatin Laixanen egoitzan, eta Arrasaten Sportland kirol-dendan, sei euroren truke, maiatzaren 7ra arte. Egunean bertan ere egongo da aukera izena emateko, 8 euroren truke, 17:00ak arte Oñatiko helmugan eta 18:15ak arte Arrasateko irteeran. Laixaneko eta AEDko bazkideek gainerakoek baino gutxiago, 5 euro ordaindu beharko dituzte lasterketan parte hartzeko.
Sari banaketa ekitaldia 20:00tan izango da, Oñatiko plazan. Aurreneko sailkatuek dirutan jasoko dute saria; honez gain, parte hartzaile bakoitzak kamiseta bat izango du opari. Lehenengo Laixan eta AEDkideentzat ere izango da saria.