Batzar Nagusiak Arrasaten, duela 25 urte bezala

Julen Iriondo 2004ko api. 22a, 18:27
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ekitaldi berezia egin dute gaur Arrasaten. Francoren diktadura ostean, Batzar Nagusiak berriz eratu zireneko 25. urteurrena ospatu dute. Erkidegoko hainbat erakundetako ordezkariak izan dira ekitaldian.

Gaur goizean Arrasaten izandako ekitaldiaren arrazoiak XIX. mendera garamatza. 1879an Arrasaten ospatzekoak ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak, baina bilkura hura bertan behera geratu zen foruen baliogabetzearen ondorioz. Data hura gogoan, 100 urte beranduago, 1979an, Arrasaten eratu ziren berriro Batzar Nagusiak, behin Francoren diktadura amaitu eta gero. 25 urte igaro dira ordutik, eta hau ospatzeko egin dute ezohiko batzarra Arrasaten.

Hainbat erakundetako ordezkaritza

Iñazio Lakunza alkateak harrera egin die aurrena erkidegoko erakunde desberdinen ordezkaritzan etorritako lagunei. Leire Ereño, Batzar Nagusietako presidentea, Joxe Juan Gonzalez de Txabarri, Gipuzkoako diputatu nagusia eta Juan Maria Atutxa, Eusko Legebiltzarreko presidentea izan dira besteak beste Arrasaten.

Amaitzeko: Agur Jaunak

Aurreskuaren ostean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan adierazpen instituzional bana irakurri dute Iñazio Lakunzak eta Leire Ereñok. Agur Jaunak abestuz amaitu da ezohiko bilkura. Ondoren, gaurko egunaren oroigarri izango den plaka bat bistaratu du Batzar Nagusietako presidenteak. Udaletxeko ekitaldiaren ostean, eguerdian, Batzar Nagusien iraganaren, orainaren eta etorkizunaren gainean hitzaldi bana eman dute hiru adituk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak