Saharako haurrak udan ekartzeko familien bila

Nerea Zubiete 2004ko mar. 26a, 13:20
Sahararen alde egiteko Arrasaten sortu berri den Nubi Elkartea eta Arrasateko Udala, udan bi hilabetez Saharako errefuxiatuen kanpalekuetatik haurrak oporretan ekartzeko sendi edo familien bila dabiltza. Oporrak Bakean, Euskadiko Fronte Polisarioa Elkarteak bultzatutako programaren barruan etorriko dira Saharako haur errefuxiatuak aurten ere Arrasatera.

Iaz atxiki zen Arrasateko Udala Oporrak Bakean programara eta aurten ere hala egin du. Horrela, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetatik haurrak ekartzeko bidaia Arrasateko udalak ordaintzen du. Bestalde, Jaurlaritzak ere parte hartzen du Osakidetzaren bitartez, hau da, gurera datozen haurrek osasun zerbitzuak izateko eskubidea dute.

Izenemateak udaletxean

Uztailaren hasieran etorriko dira haurrak Arrasatera eta irailaren hasieran itzuliko dira errefuxiatuen kanpalekuetara. Nubi elkarteak dituen datuen arabera, gainera, iaz etorri ziren 4 haur etortzeko prest daude berriro ere. Baina aurten 12 haur ekarri nahi dituzte Arrasatera eta orain arte 7 familia animatu dira. 6 Nubi Elkartekoak dira eta iaz ere izan zuten haurren bat etxean udako oporretan. Udan, beraz, Saharako haurren bat etxean izan nahi izanez gero, Udaletxera jo argibide gehiago jasotzera eta izena ematera.

Bestalde, Arrasateko Sahararen Aldeko Elkarteko hainbat kide hango lurretara abiatuko dira Aste Santuan, hango bizitza gertutik ezagutzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak