Lazkanok, min hartuta, bertan behera utzi zuen partidua

Xabier-Urzelai 2004ko urt. 26a, 12:28
Ez zuen zapatu gozoa izan Aitzol Lazkano pilotari mondragoetarrak. Bestetan baino jende gehiago elkartu zen zapatu eguerdian Uarkapen. Lazkanok Euskadiko Txapelketako hirugarren partidua zuen jokoan, baina mondragoetarrak zorte txarra izan zuen, ezkerreko eskuan min hartu eta partidua bertan behera utzi behar izan zuelako.

Zorte txarra eta jenio txarragoa. Amorruari eusten ez jakiteagatik hartu zuen-eta min eskuan. Ondo hasi zuen Lazkanok partidua; kontrarioak indar handiarekin ematen zion pilotari, baina Arrasatekoak errazago amaitzen zuen tantoa. Alde txikiarekin, baina denbora guztian mondragoeko pilotaria izan zen aurretik. Markagailuak 10-8 erakusten zuenean etorri zen zorigaiztoko jokaldia. Lazkanok ezker boleaz ematerakoan min hartu zuen sorbaldan. Tantoa jarraitu guran, hainbat pilotakada eman zituen; kontrarioak pilota atzera botata Lazkano, oraindik minez, airez sartu zen berriro ere. Kontrarioak bi pareta batekin erantzun zuen. Tantoa galdu gura ez, arrasatearrak korrikaldia egin eta pilotara iritsi bazen ere, kanpora bota zuen.

Erreakzio txarra

Tantoa galtzeagatik haserre, Arrasateko pilotariak ezin izan zion amorruari eutsi eta sekulako golpea eman zion harmailaren ondoan dagoen egurrezko mahaiari; hortxe amaitu zen partidua. Lehen ere besoa minduta bazeukan, mahaiari emandako golpeak ez zion onik egin. Jokatzen ahalegindu zen Lazkano, baina ezin. Arrasateko pilotariak ezker eskuan bihurritua dauka, ia bi aste barru daukan partidurako errekuperatzen den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak