Indiako gaztea klausurako lekaime Arrasaten

Nerea Zubiete 2003ko abe. 18a, 13:13
Gaur arratsaldetik aurrera klausurako lekaime edo monja berri bat izango dugu Arrasaten, Mariaren Bihotz Garbiaren Kontzepzionisten komentuan. Maria, 28 urteko gazte indiarra izango da gaurtik aurrera Udala bidean dagoen komentuko lagun berria.

Gaur 17:30ean izango da Maria gaztea klausuran sartzeko elizkizuna. Urrats garrantzitsua, zalantzarik gabe, Mariaren bizitza aurrerantzean gidatuko duena.

Ekitaldi garrantzitsu horretara Elizako lagun ugari etorriko dira, besteen artean, Kontzepzionisten beste komentuetako lekaimeak, tartean Kontzepzionistek Valladoliden duten egoitza nagusiko arduraduna.

Arrasateko Parrokia guztietako abadeak ere bertan izango dira eta baita Arrasateko jendea ere.

Indiako nekazaria

Maria Indiako nekazarien sendi batean jaio zen, Kristauen komunitatearen barruan. Arrasaterekin izan duen lotura beharrak eragindakoa izan da. Arrasatetik erropak bidaltzen dituzte Indiara, hango behartsuendako. Harreman horren bitartez, bat egin zuen Mariak Arrasateko lekaime kontzepzionistekin.

Orain dela hiru urte etorri zen Maria Arrasatera eta orduz geroztik Uribarriko komentuan bizi izan da. Gaurtik aurrera, klausurako lekaime izango da Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak