Datorren urtean eskola publikoek 0-3 urte bitarteko hezkuntza eskainiko dute

Ubane Madera 2003ko aza. 26a, 17:10
Gai bakarra izan ezik, gainerako guztiak aho batez onartu zituen udalbatzarrak hilaren 24an, astelehenean, egindako osoko bilkuran. Eskola publikoetan 0-3 urte bitarteko hezkuntza ematearen alde PSE-EE alderdiak aurkeztutako mozioak piztu zuen zinegotzien arteko eztabaida.

Hezkuntza publikoaren aldeko mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk azaroari dagokion osoko bilkuran. Hain zuzen ere, 0-3 urte bitarteko umeen hezkuntzaren gainean zera zioen mozioak: Jaurlaritzari eskatzea 0-3 urte bitarteko hezkuntzaren eskaintza bidezkoa egin dezan, eskola publikoen eta pribatuen artean desorekarik sortuko ez duena eta euskaldunen berdintasunerako eskubidea errespetatuko duena. Era berean, Arrasateko Udala Haurreskolak izeneko partzuergoan sartzeko eskatu zuen, eta partzuergo horren estatutuak onartzeko.

Eusko Alkartasunak gai beraren gaineko mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Oro har, Haurreskolak izeneko partzuergoaren hedapenaren aldekoa zen mozioa.

Eta Inazio Lakuntza alkateak, berriz, adierazi zuen PSE-EEk aurkeztutako mozioa lekuz kanpo zegoela, besteak beste, Udala badabilelako gai hori lantzen, eta datorren urtean izango delako Arrasaten halako eskaintzarik.

Nazionalisten kontrako kritikak

Bozketa egin ostean, EAk aurkeztutako mozioa onartu zuten. PSE-EEren mozioaren kasuan, boto aldetik bederatzinako berdinketa izan zen (PP, PSE-EE eta Ezker Batua alde eta EAJ eta EA kontra). Eta gehiengo osoa behar zuten onartzeko. Alderdiko bozeramaile Paco Garciak zera esan zigun: "Alkatearen kalitatezko botoari esker ez du aurrera egin mozioak (…). Eskola publikoaren alde egiten dute nazionalistek, baina gero, praktikan, ez dute hori betetzeko ezer egiten". Gaineratu zuen aspaldiko gaia dela 0-3 urte bitarteko hezkuntzarena; askotan eztabaidatu izan dutela, eta orain arte sekula ez duela aurrera egin. Beti diotela hurrengo ikasturtean hasiko direla hezkuntza mota hori ezartzen.

Bestalde, Jabier Nafarratek EAren izenean adierazi zigun bere taldea betidanik egon dela eskola publikoaren alde. Baina, Arrasateren kasuan, Haur Hezkuntza publikoa lortzeko Udala inplikatu behar hori ez dutela horren garbi ikusten. EAren ustez, Jaurlaritzari dagokio gai hori. Horrexegatik aurkeztu zutela mozioa.

Bukatzeko, osoko bilkuren aretoan, besteak beste, Arrasateko eskola publikoaren ordezkariak izan ziren. Tartean, Agurtzane Barrutia zuzendaria. Hark esandakoaren arabera, Arrasateko alderdi politikoen aldetik bestelako erantzuna espero bazuten ere, uste dute gai horrekin lotutako atea ez dela itxi.

Herrian badagoela eskaera eta premia. Eta, batez ere, alkatearen hitza kontuan hartzen dutela; hau da, datorren urtean beteko dela eskola publikoetan 0-3 urte bitarteko hezkuntzaren eskaintza. Gaineratu zuten eurek ikastetxe moduan ezin dutela eskaera hori egin, Udalak eskolekin batera egin behar duela.

Bestelako gaiak

Gai horrez gain, bestelakoak ere landu zituen udalbatzarrak, eta aho batez onartu zituzten zinegotziek. Bata, auzo-alkateen izendapenaren gainekoa zen. Hain zuzen ere, orain arte egindako izendapenak berretsi zituzten.

Hortik aurrerako gaiak Egitamu Orokorrarekin lotutakoak ziren. Hain justu, udalbatzarrak honakoa onartu zuen: Talleres AGAk, Gelmak eta Eroskik Egitamu Orokorraren kontra jarritako helegiteak direla-eta Udalak prozesu horretan parte hartzea, Udalaren interesak defendatzeko. Bestalde, Mendibarren eta Gautxoriko Barne Erreformako Plan Berezia behin-behinekoz onartu zuten zinegotziek.

Mozioekin lotutako arau berria

Bukatu baino lehen, alkateak jakinarazi zuen epez kanpo bi mozio aurkeztu zituztela. Bata, Ezker Batuak (EUDELen gainekoa) eta bestea, Xabier Zubizarretak (azken atxiloketen gainekoa). Biak hala biak hurrengo Bozeramaileen batzordean aztertuko dituztela esan zuen Inazio Lakuntzak.

Horrekin batera, jakinarazi zuen, hemendik aurrera, edozein mozio osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin Udaleko alderdi politikoren baten babesa beharko duela.

Berdin da zer mozio mota den, politikoa, gobernuz kanpoko erakunde batek aurkeztutakoa… Indar politiko batek babestu beharko du osoko bilkuran aurkezteko. Hala erabaki zuten orain dela pare bat asteko Bozeramaileen batzordean.

Osoko bilkura bukatu baino lehen Paco Garcia sozialistak Jose Etxeberriak Guatemalara egindako bidaiaren gainean galdetu zuen. Haren esanetan, alderdi guztiei ez zaizkie jakinarazi Aralarko alderdikidearen bidaiaren nondik norakoak. Alkateak erantzun zion, besteak beste, Joxe Etxeberriak berari eskatu ziola joateko baimena eta eman egin ziola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak