Azkoagainen galduta (3-2), Mondrak behera egin du sailkapenean

Xabier-Urzelai 2003ko aza. 18a, 13:59
Eguraldiak lagundu ez bazuen ere Aloña Mendik eta Mondrak derbi ikusgarria jokatu zuten domeka arratsaldean Azkoagainen. Lehenengo zatian Mondra gehiago izan zen (1-2), baina bigarren zatian Aloña Mendik eraso jokoa eginez partidua irabazi zuen (3-2).

Lehenengo zatiko hasierako minutuetan Aloña Mendik izan zuen baloiaren jabetza, eta Mondrak kontraerasoan jokatu zuen. Aloña Mendi aurreratu zen markagailuan; Mondrako atezainak ez zuen asmatu Murgoitiok egindako falta jaurtiketa bat urruntzen eta alderatzea ondo aprobetxatu zuten oñatiarrek (1-0). Gol horri esker Mondra esnatu egin zen, eta Josu Zubiaren mutilek apurka-apurka gora egin zuten. Muruak eman zuen lehenengo abisua, jaurtiketa on bat eginez baloia langara bota zuen-eta. Minutu batzuk geroago, Jon Loitiri penaltia egin zioten, eta Muruak partidua berdindu zuen (1-1). Hamaika minutu geroago, 31. minutuan, Muxiren pase on bat ondo aprobetxatuta 1-2koa egin zuen Muruak.

Bigarren zatian Aloña Mendi hobeto

Bigarren zatian gauzak asko aldatu ziren. Aloña Mendik hobeto jokatu zuen; oñatiarrek gora egin zuten eta Mondrak bigarren zati osoan ez zuen gol aukera garbi bat ere izan. Lehenengo zatian Murua izan bazen Mondrako jokalari azpimarragarriena, bigarren zatian Mikel Calvo atezaina izan zen jokalari onena. Plazentziarrak meritu handiko geldiketak egin zituen, ikusgarriak asko, baina dena ezin gelditu. Defentsa lanetan hankamotz ibili zen Mondra, eta erasoan hori ere ez. Horrela, 51. minutuan Aloña Mendik 2-2koa egin zuen, eta 81. minutuan 3-2koa. Mondra zortzigarrena da sailkapenean, eta oraingo asteburuan hamabosgarren lekuan dagoen Ordizia etorriko da Atxabalpera. Ez da lokartzeko momentu bat ere aproposa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak