Seniorretan hiru talde izango ditu Arrasate Eskubaloi Taldeak

Xabier-Urzelai 2003ko urr. 2a, 18:09
Arrasate Eskubaloi Taldeak oraindik ez du denboraldia hasi, baina horrek ez du gura esan lanean ez dihardutenik. Arrasatek inoiz baino talde gehiago izango ditu aurten seniorretan: hiru, guztira.

Eskubaloia atsegin duten mondragoetarrek gura beste norgehiagoka ikusi ahal izango dituzte aurten. Senior mailan izango diren hiru taldeei gazte mailako eta kadeteetako taldeak gehitzen badizkiegu, ohartuko gara Arrasaten eskubaloiak uste baino indar handiagoa daukala.

Gazte asko kirola egiteko prest

Esan bezala, hiru talde izango dira aurten senior mailan: lehenengo territorial mailan lehiatuko den AGR Arrasate taldea, eta bigarren territorial mailan izango diren Arrasate eta Gatz Museoa Jakion taldeak, hain zuzen. Gazte mailatik jokalari asko igo dira aurten, eta jokalari horiek dagoeneko ezin dute gazte mailan jokatu. Arrasateko Eskubaloi Taldea zuzentzen dutenek buru hauste galantak izan dituzte aurre-denboraldian: zer egin horrenbeste jokalarirekin? Beste kirol talde batzuetan ere behin baino gehiagotan izan dute arazo hori. Askotan, goiko taldera igotzeko aukerarik ez, eta jokalari askok taldea utzi egin behar izan dute.

Irtenbidea: beste talde bat sortzea

Horrelako egoera batean, talde berri bat sortzea izaten da irtenbideetako bat, baina ez da irtenbide erraza; besteak beste, talde hori zuzenduko duen entrenatzailea aurkitu behar delako. Zailtasunei aurre eginez, Arrasate Eskubaloi Taldekoak ez dira kikildu, eta aurten hiru talde izango dituzte senior mailan. Maila guztietako taldeak aspaldi hasi ziren entrenatzen, eta dagoeneko deseatzen daude Liga Txapelketa hasteko.

Asteko zain

Senior mailako Liga Txapelketak datorren asteburuan hasiko dira, urriaren 12an. Lehen territorial mailako AGR Arrasatek Usurbilen kontra jokatuko du denboraldiko lehenengo norgehiagoka. Bigarren territorial mailan, berriz, derbia izango da Iturripen. Mondragoeko bi talde izango dira nor baino nor: Arrasate eta Gatz Museoa Jakion taldea, hain zuzen. Liga Txapelketa hasteko modu ezin hobea, hortaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak