Ikasleen proposamenak klima aldaketa saihesteko

Mirari Altube Arrese 2017ko mai. 19a, 11:16
Ikasleak proposamenak irakurtzen udalbatzako kideei.

Kurtzebarri eskolako ikasleek klima aldaketa lantzen jardun dute eta horren berri eman zieten udalbatzako kideei eguaztenean. Herritarrek zeresan handia dutela horretan uste dute, eta horregatik, hainbat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei pauso txikiak emanda klima aldaketarengan duten eragina murrizteko.

Lehen Hezkuntzako bigarren mailakoek Udal langileen autoak aztertu dituzte; behatu dute bai udaltzainenek, bai brigadako langileenek urte asko dituztela eta guztiek erabiltzen dutela gasolioa: "Ondorio nagusia da lurraren beroketari eragiten diotela, eta zera proposatzen dugu: udaltzainek bizikletak erabiltzea ahal dutenean eta ibilgailu aldatzerakoan elektrikoak erostea".

Laugarren mailakoek herritarren mugikortasun ohiturak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute "batez ere autoan eta bakarrik mugitzen" direla. Horregatik hainbat eskaera egin dituzte hobetzeko: "Autoa partekatzeko kanpaina bat jarri beharko luke abian Udalak, eta alokatzeko bizikletak ipin daitezke herriz herri mugitzeko".

Seigarren mailakoek, ostera, elikagaiak landu dituzte, herritarrek dendetan duten elikagai eskaintza, hain zuzen ere. "Oso ortu gutxi dago inguruan eta bertako produktu gehiago ez saltzearen arrazoia da ez direla ekoizten". Horregatik proposatu zieten Udal ordezkariei ortua jarri gura duten aretxabaletarrei laguntzea.

DBHko lehenengo mailako ikasleek Aretxabaletan lurrari ematen zaion erabilpena behatu dute, eta ondorioztatu lantegiei, errepideei eta autoei eman zaiela lehentasuna azken urteetan:  "Eta horrek eragin zuzena du klima aldaketarengan". Horri aurre egiteko proposatutakoen artean daude hutsik dauden etxeak berrerabiltzea, eraikuntza berrietan lorategiak eginaraztea eta berdeguneak errespetatzea ezer eraiki gabe.

Udal eraikinetan erabiltzen duten energia aztertu dute DBHko bigarren mailakoek, besteak beste, kiroldegian, udaletxean, eta Kurtzebarri eskolan. Eta behatu dute gas naturala erabiltzen dutela gehien –erregai fosilean gutxien kutsatzen duena– eta argiztapenerako erabilitakoen artean %90 iturri berriztaezinetatik datorrela. Hori horrela, jatorri berriztagarria duen energia hornitzailea kontratatzeko eskatu zioten udalbatzari eguaztenean.

Ikasleen konpromisoak

Udalari ekarpenak egin bakarrik ez, konpromiso batzuk ere hartu zituzten ikasleek; hona hemen horietako batzuk: jatekoa berrerabili daitezkeen ontzietan eramateko kanpaina bat egitea; elikadura osasuntsuagoa bultzatzea –fruta, fruitu lehorrak…–; berotasuna gordeko duten leihoak jartzea eskolan; eguzki plaka gehiago jartzea berrerabili daitekeen energia gehiago sortzeko; eta zuhaitzak landatzea (urtean 54) garraioak sortutako kutsadura konpentsatzeko.

Alkateak erantzun zien proposamen guztiak aztertuko dituztela datozen hilabeteotan, eta jasoko dutela erantzuna. Gazteei eskaera ere egin zien Herriko Plazan zaintzeko eta zakarrontziak erabiltzeko eskolatik ateratzen direnean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak