goiena.eus

Aste dantzagarria, Jaiki elkartearen eskutik

  Kultura  Aretxabaleta

III. Dantza Astea antolatu du Aretxabaletako elkarteak, Udalaren eta herriko beste hainbat elkarteren laguntzarekin. Herritarrak dantzan egitera gonbidatzeko, tailerrak, erakustaldiak, ikuskizunak eta zine-tertulia izango dira, bihar hasita.

Jaiki elkartekoek oso gustuko dute dantzatzea, eta, horregatik, urtean zehar ikastaroak eta bestelako ekimenak proposatzen dituzte. Bada, bihartik maiatzaren 28ra, dantza kalera atera nahi dute, eta, horretarako, III. Dantza Astea prestatu dute.

Askotariko dantza tailerrak  

Iazkoaren bidetik, swing, hip hop, dantza sortzaile eta kontakids tailerrak egingo dituzte; bihar, zapatua, 10:00etatik 13:00etara bitartean, kiroldegian, mojetan eta kuartelean. "Swing –edo lindi-hop moduan ere ezagutzen dena– iazko bi irakasleek erakutsiko digute: Aiala Larreinak eta Paula de la Fuentek. "Iaz oso gustura ibili ziren eta urte osokoa lotzeko eskatu ziguten parte-hartzaileek. Hainbat pauso irakatsi eta segituan praktikan jartzea izango da, orokorrean, irakasleen proposamena. Honako honetan, maila ezberdinetako ikasleak batuko dira. Hip hopak ere arrakasta izaten du eta halaxe izan da aurten ere, haurren taldea beteta dago dagoeneko, baina helduenean badago tokia. Irakasle gazte bat dator Gasteiztik, Laia Molina. Sormen dantza, berriz, ibilbide luzea duen Mariaje Ariznabarretak erakutsiko digu; inprobisazioarekin lotutako dantza mota da hori. Horrez gainera, familia giroan gozatzeko, Zigor Lasagabaster herrikidearekin kontakids tailerra berreskuratuko dugu; 2 eta 4 urte bitarteko haurrentzako da eta ezinbestekoa da haur bakoitzeko heldu bat joatea", azaldu du Jaikiko Maier Etxebarriak.

Ikastaroei dagokienez, baina, berrikuntza domekan egingo duten klakea da. "Aspaldi genuen dantza hori ikasteko gogoa, baina zaila da irakasle on bat aurkitzea, eta, azkenean, ibilbide luzea duen Rafa Eizaguirre aurkitu dugu. Takoidun zapatak ekartzeko gomendatu digu, eta swingerako ere aproposak izan daitezke; baina gainontzeko ikastaroetarako arropa erosoa ekartzeko aholkatuko genuke.

Tailerretan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena honako telefono hauetara deituta: klake eta swing saioetarako: 688 86 21 87; eta gainerakoetarako: 688 81 96 65.

Erakustaldiak eta ikuskizunak  

Beste batzuei begira ere asko ikasten da; horregatik, Herriko Plaza eta Durana kalea dantza- leku bihurtuko dituzte. Bihar, Durana kalean, dantza afrikarrak eta goizeko tailerretako irakasleen saioak izango dira, hurrenez hurren, 13:30ean eta 18:30ean, eta domekan, 13:30ean. Herriko Basotxo elkarteak, ludotekak, Saharako emakume eta haurrek eta beste kolaboratzaile batzuek egindako saioak ikusteko aukera ere badago. "Gomendatzekoa da Donostiako Ebi Soriaren eta Xabi Madinaren Habrá que ponerse cachas. Horietako batek garun paralisia du eta gurpil aulkian dago; Maylis Arrabitek zuzendutako inprobisazio eta dantza integratua egiten dute".

Egitaraua

Maiatzak 20
• 10:00 Dantza ikastaroak.
• 13:30 Dantza afrikarren ikuskizuna Duranan.
• 14:30 Jam-Ñam dantzaldi inprobisatua Herriko Plazan.
• 18:30 Dantza ikuskizunak Duranan.

Maiatzak 21
• 10:00 Klake ikastaroa.
• 13:30 Klake ikuskizuna.

Maiatzak 22
• 18:00 Kontakids (Ate irekiak kiroldegian).
• 18:00 Saharako emakume eta haurren dantza saioa.

Maiatzak 23
• 17:00 Basotxo erretiratuen elkartekoen saloi dantza saioa.
• 17:00 Gorputz Espresioa eta jolasak 5-8 urte bitarteko haurrentzat (Ate irekiak kuartelean)
• 18:00 Ebi Soriaren eta Xabi Madinaren Habrá que ponerse cachas ikuskizuna Durana kalean.

• 19:30 Flamenko fusioa (Ate irekiak Duranan).

Maiatzak 24
• 17:00 Ludoteka Dantzan ikuskizuna Herriko Plazan.
• 18:30 Basotxoko erretiratuen euskal dantzen erakustaldia Herriko Plazan.

Maiatzak 26
• 18:00 Oihal akrobazia (Ate irekiak Duranan).
• 19:00 Flash Dance filmari buruzko tertulia Arkupe kultura etxean.

Maiatzak 28
•Haur dantzarien eguna (Leizarra musika eskolak antolatuta)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa