Erromeria giroa izango da Otala Zelain domekan

Mirari Altube Arrese 2017ko mai. 10a, 18:28

Jai giroa sortuko dute herritarrek Aozaratza auzoko zelaian, maiatzaren 14an, Kultura Sailak gertatutako ekintzen bueltan; animaliekin jolasak izango dituzte umeek, dantzan egiteko trikitilariak eta disko festa etorriko dira eta bazkariak herritarrak elkartuko ditu eguerdi partean.

Urtero legez lasterketek emango diote hasiera, domekan, Otala Zelaiko egunari. Lehenengo haurrek jardungo dute zelai inguruan, eta ondoren, Joseba Larrinaga Mardo gogoan izanik, helduen txanda izango da urtegiaren bueltan.

Lasterkariei sariak banatu ondoren ekingo diete Aozaratza auzoan dagoen zelaiko ospakizunei. Animaliekin jolasak izango dituzte neska-mutikoek, eta eguerdi partean, paella egiten hasiko dira txapelketan izena emandakoak. Egonaldia Leizarra musika eskolako trikitilariek girotuko dute sagardo kupelaren bueltan, eta 14:00ak aldera, bazkaltzeko mahaiak eta aulkiak banatuko dituzte antolatzaileek; bazkaria norberak eroango du urtero lez.

Bazkalostea girotzeko euskal disko festa izango da beste behin doinu dantzagarriekin eta 18:00ak inguruan Leizarra musika eskolako dantzariek saioa eskainiko dute. Eguraldi txarra eginez gero erromeria Iturrigorri pilotalekuan egingo dela iragarri dute antolatzaileek.

Egitaraua osorik

Hona hemen:

• 10:00 Haurrendako lasterketak.
• 11:00 Joseba Mardo-ren oroimenezko 39. herri krosa.
• 12:30 Otala Zelai krosaren sari banaketa ekitaldia.
• 13:00 Animaliekin jolasak.
• 13:00 Paella txapelketaren hasiera.
• 13:30 Sagardo festa, Leizarra musika eskolako trikitilariek girotuta.
• 14:30 Herri bazkaria, norberak eroanda.
• 16:00 Euskal disko festa.
• 18:00 Dantza saioa Leizarra musika eskolako dantza taldearen eskutik.
• 19:00 Euskal disko festa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak