Azbe eraikina komertziora bideratzeko prozesua abian jarri dute

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 23a, 13:59
Udalbatzako kideak, Anjel Bergaretxe bertan dela, eguazteneko osoko bilkuran.

Azbe lantegia zenaren eraikinaren gaineko kontuak izan zituzten eztabaidarako gai eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran. Kide berri bati egin zion, gainera, ongietorria udalbatzak EH Bilduko Oihane Etxebarria ordezkatuko duen Anjel Bergaretxeri.

Azbe eraikinak komertzio erabilera izango du; izan ere, Eroskik interesa agertu du. Horretarako izendapen aldaketa egin behar diote industria erabileratik hirugarren sektoreko, hau da, zerbitzuen erabilerara pasatuta. Eta horixe onartu zuen udalbatzak, baita eraikin horren jabe den Aretxabaleta Naves SLren eta Udalaren artean hitzarmena sinatzea ere. EH Bilduk adierazi zuen prozesua oztopatzeko asmorik ez zuela, baina aukera guztiak behar bezala ez direla aztertu, horregatik abstenitu egin zen bozketetan: "Ez dira aztertu beste aukera batzuk; aparkalekuak pribatuak izango dira…", zioen Ion Albizuk.
Azbe eraikinak bi gune ditu; bata bulegoak izandakoa, eta bestea, industriarako erabilitakoa, zerra itxurako teilatuarekin. "Bulegoen gunea bota egingo dute, eta behin botata, Udalari emango dio jabeak. Horren helburua da, herrirako sarrera txukuntzea behar bezalako biribilgune bat eginda", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak.

Gainerako gunean, 1.600 metro koadro izango dituen denda egingo dute, biltegiak eta aparkalekuak. "Denda diogunean da herritarren zerbitzura egongo den gunea, beheko partean. Aparkalekuen kasuan, gutxienez 48 izan beharko ditu, hortaz, goiko partean ere egin beharko dituzte". Eta horiek seguru asko pribatuak izango dira. Inguru guztia ere txukunduko dute gero. Eguaztenean hasierako onarpena eginda prozesua abian jarri du Udalak, eta ondo bidean, udazken inguruan hasiko dituztela lanak uste dute.

Errauskailua eztabaida erdian

Galderen atalean errauskailuaren gaia atera zuen mahaigainera EH Bilduk, eta eztabaida sortu zuen horrek. "Talka" horretatik irten beharra dagoela aipatu zuen Albizuk eta horretan "Aretxabaleta eredugarria" dela: "Kontsulta adostua egin genuen hondakinen bilketaren gainean eta errauskailuaren gaia bide berdinetik jorratu beharko litzateke. Batak besteari leporatzeko kontu asko egongo dira, baina aurrera pausoak eman behar ditugu; gutxieneko batzuk adostu, sistema bat baino gehiago mahai gainean jarri, eta zergatik ez, herritarrei hitza eman. Akordio zabalak behar ditugu".

Elkorok erantzun zion ez lukeela arazorik izango galdeketa bat egiteko: "Baina bi alternatiba erreal mahai gainean jarrita. Eta horretarako dagoeneko berandu da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak