"Herritarren beharrei erantzuteko" lanean jarraituko dutela adierazi dute EAJko kideek

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 15a, 18:51
Aretxabaletako EAJko kideak martitzeneko prentsaurrekoan.

Otsailean banatutako Atx aldizkarian Aretxabaletako EH Bilduk esandako batzuk argitu gura izan ditu EAJ alderdiak, besteak beste, "udal gobernuaren kudeaketa baloratu" delako.

Batetik, hondakinak izan zituzten berbetarako gai: "%80ko gaikako bilketa tasara iristeak argi utzi du herritarrak arduratsu jokatu dutela", zioten martitzeko prentsaurrekoan, eta herritarrengan "beti izan dutela konfiantza" argitu. Sistema aldatuta ere aretxabaletarrek "erantzukizunez jokatu" dutela zioten: "Herritarrak zoriontzeko ordua da. Horren ordez, aldizkarian bazterrak nahasten dira". Alkate izateaz gain Mankomunitateko presidente ere baden Unai Elkorok zera adierazi zuen: "Mankomunitateko presidenteari aipamen zuzena egin zaio. Esan beharrekoak esanda daude eta zabor bilketari dagokion etxeko lanak eginda".

Gardentasunaren gaineko kontuak ere argitu gura izan zituzten; gogorarazi zuten oposizioko ordezkariak "Udaleko organo guztietan" daudela, Gobernu Batzordean barne eta "gai guztiak gardentasunez" aurkezten direla. "Gainera, irailetik, EH Bilduk liberatu erdi dauka, Udalean hartzen diren pisudun erabaki guztien berri izanik".

Berdintasunerako enpresa bat

Bi alderdien artean berdintasunak sortu duen ika-mikari ere heldu zioten. "Berdintasuna landu beharra dago, baina eraginkorrak izan nahi dugu eta lanketa hori ezin da era isolatuan egin; aurreko agintaldian izandako ereduan agerian geratu da hori". Hala, "era transbersalean udaleko eta herriko txoko guztietara iristeko" enpresa baten aholkularitza kontratatuko du.

"Porlanak pisu handia"

Bestetik, adierazi zuten EH Bilduk esateak porlana gero eta pisu handiagoa hartzen dabilela ez duela zentzurik, jakinik, halako inbertsioetarako ez dagoela dirurik.
"Kirol instalakuntzen egoera eskasa aipatzerakoan Iturrigorri frontoiko hainbat arazo eta gabezia aipatu dira. Ezagunak dira, eta aurreko agintaldian ere bai", zioten, eta gaineratu 60.000 euroko inbertsioa bideratuta duela Udal gobernuak teilatua guztia berritzeko 2017an.

"Orain arte egindakoak"  

"Plangintza falta leporatzen zaigu… Egia da egunerokotasunak denbora asko kentzen digula, baina etorkizuna egunero aurrera eramaten ditugun ekintzen ondorio izango da". Eta egindako hainbat ekintza aipatu zituzten: "Mojen eraikina erosi; Azbeko eraikinaren erabilera berria ahalbidetu; Coprecirekin hitzarmena adostu instalakuntza handitzeko; beilatokiaren kokapenaren arazoari irtenbidea bilatu industriagunera mugituta; urteetan erabakirik hartu gabe egon den kirol etxe aurreko berdeguneari hasiera eman eta norabidea zehaztu; herriko espaloien konponketa eta irisgarritasuna; herriko pasealeku ibilbidea osatzeko kiroldegi azpiko tartearen proiektua egin 2018an exekutatuko dena, Iturrigorriko teilatua berritu…"

Eta bukatzeko zera utzi gura izan zuten argi: "Aurrerantzean ere orain arte bezala jokatuko dugu, aretxabaletarren beharrak entzunez eta gure eskuetan dagoen heinean beteaz. Etorkizuneko perspektiba galdu gabe, baina inoiz exekutatuko ez den plan ideal baten azterketan paralizatu gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak