goiena.eus

'Brexit'-aren aurrekariez eta ekar dezakeenaz aritu da Juanjo Alvarez

 Aretxabaleta

Aretxabaletako Batzokia goraino bete zen atzo iluntzean Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbidean Katedradunak Brexitaren inguruan eman zuen berbaldia entzuteko.

'Brexit'-aren aurrekariez eta ekar dezakeenaz aritu da Juanjo Alvarez
Batzokia beteta Juanjo Alvarezen hitzaldian (argazkia: Joxe Migel Uribarren) | Ikusi handiago | Argazki originala

80 pertsonatik gora batu ziren atzo Aretxabaletako batzokian Juanjo Alvarezek esateko zituenak entzuteko, eta azkenean iluntzeko bederatziak pasata zirela bukatu zen. Estatu Batuetako presidente berriari buruz, Donald Trump, aritu zen gainetik, baina nagusiki Brexit-a izan zuen mintzagai.

Hitzaldian, batetik, azken mendean Erresuma Batuaren historian gertatutako hainbat puntu klaberi buruz aritu zen, eta Europar Batasunaren sorreraren nondik norakoak ere azaldu zituen, entzuleak testuinguruan kokatze aldera, Joxe Migel Uribarren EAJko zinegotziak azaldu duenez.

Horrez gain, britainiarrek hauteslekuetan Europar Batasuna uzteko erabakia hartu ondoren, aurrerantzean gerta daitekeenaz aritu zen. Hala, gogorarazi zuen, esate baterako, Batasunak Suitzarekin badituela hainbat akordio, nahiz eta herrialde hori Batasuneko parte ez izan.

Hala ere, Jesus Mari Errastik, antolatzaileetako batek, azaldu du Alvarezek dioela Europar Batasunak jada ez duela akordio partzialik onartuko: "Baldintza guztiak onartuta kide izatea ala Batasuna guztiz lagatzea" izango da Erresuma Batuari tokatuko zaiona, haren ustez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa